Iruritako gurasoek eskolaren arazoa aurrez aurre agertu diote Nafarroako Gobernuko ordezkariei

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 27a

"Iruritan eskola berria behar dugu" panklarta hedatu dute gurasoek Nafarroako Gobernuko ordezkaritza pasatzean. TTIPI TTAPA

Miguel Sanz presidentea eta hiru kontseilari herritik pasatzean errepidea itxi egin dute

Iruritako guraso, ikasle eta irakasleak ez daude geldi egoteko, eta eskola berriaren premiak bultzatuta, hainbat ekimen gauzatzen ari dira. Gaurkoan, Nafarroako Gobernuko presidenteak, Miguel Sanzek eta hiru kontseilarik, Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Laura Albak, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko Begoña Sanzberrok eta Toki Administrazioko Amelia Salanuvak beraien eskakizunen berri izan dute hurbiletik hurbilera. Hain zuzen, Iruñetik Dantxarineako zeharbidea inauguratzera eta gas naturala Elizondora ailegatu dela ospatzeko ekitaldira etortzekoak zirela aprobetxatuz, errepidea hiru aldiz moztu egin dute Iruritako gurasoek “Iruritan eskola berria behar dugu” pankartarekin, seme-alabak bide bazterretik begira zituztela. Izan ere, goizeko 10:30ean bi orduko geldialdia egin baitute eskolan.  Argazkian ageri denez, mozketa horietako batean, Nafarroako Gobernuko kotxe ofiziala geldiarazi dute.

 

Bilera izan zuten azaroaren 26an Hezkuntza Departamentuan
Aipatzekoa da ortzegunean, azaroaren 26an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin biltzea lortu zutela Iruritako eskolakoek.  Gurasoekin batera, hiru irakasle eta zuzendaria joan ziren, baita Virginia Aleman Baztango alkatea eta Martin Garde hezkuntza zinegotzia. Nafarroako Gobernutik, Patxi Esparza Hezkuntza Departamentuko obra eta mantenimendu lanen burua, Javier Arrecibita zentroen zerbitzuko zuzendaria eta Jose Ramón La Santa zentruen zerbitzuko arkitektu teknikoa izan ziren.
Lehenik Baztango udal ordezkariek, eskola berria egiteko lurrak emateko plenoak hartutako erabakiaren berri eman zioten Hezkuntza Departamentukoei., hori baita Nafarroako Gobernuak eskola proiektua egin ahak izateko falta zen tramite bakarra. Baina Hezkuntza Departamentukoek, lehen ere aipatutako ildotik, krisiaren eraginez zenbait proiektu 2010eko aurrekontuetatik kanpo gelditu direla jakinarazi zuten, tartean Iruritako eskolakoa. Halere, aurrekontuak orain eztabaidatzen ari dira, eta hezkuntza departamentuak diru-sailarik gabe gelditu diren zenbait proiktu sartzeko emendakinak aurkeztu ditu. Tartean, laugarrena da Iruritako eskolakoa. Hemendik bi astera jakinen omen da Iruritako eskola egiteko dirurik baden edo ez. Beraz, gurasoen kezkak berdin segitzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun