Goma Gaineko txapelketako azken saioa larunbatean Elizondon

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 25a

Beti Gazteko neskak joan den urteko txapelketan. Artxibokoa

Amaiur gizonetan eta Amaiur eta Beti Gazte nesketan

Nafarroako Goma Gaineko Zortziko Sokatira Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da larunbat honetan, azaroak 28, Elizondon. Azaroaren 14an Arbizun jokatutako lehen saioaren ondotik, bigarrena azaroaren 21ean egin zen Lesakan. Eta Elizondokoa erabakiorra izanen da. 17:00etan hasiko da, kiroldegian.
Emakumezko eta gizonezkoetan ari dira lehian, 640 eta 600 kiloko kategorietan gizonezkoak eta 500 kiloko mailan neskak.
Gizonetan, 640koen mailan, hiru taldek eman dute izena, joan den urtean baino bat gehiagok: Amaiur, Berriozar eta Txantrea. 600 kilokoen mailan, aldiz, Amaiur eta Berriozar baino ez dira ari. Beraz, bietako batentzat izanen da txapela.
Emakumezkoetan zabalagoa da parte-hartzea, baina iaz baino ttikiagoa. Lau taldek eman dute izena: Lesakako Beti Gazte, Amaiur, Sakana eta Berriozar. Joan den urtean Beti Gaztek bi talde aurkeztu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun