Saihesbide berriak kaltetuko dituen ondasunak eskuratzeko 794.498 euro

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 25a

Horrela onartu du Nafarroako Gobernuak

13 MILIOI EUROKOA da obren lizitazio-aurrekontua.

Iruritatik Elizondora joanen den saihesbide berriak ukituko dituen ondasunak eskuratzeko 794.498 euro onartu ditu Nafarroako Gobernuak. Azaroaren 16ko bilkuran erabaki zuen hori. Proiektua, berriz, martxoan baimendu zuen, eta obren lizitazio-aurrekontua 13.029.078 eurokoa da.

5,8 kilometroko bidea
Irurita eta Elizondoren iparraldetik barna eginen da bide berria, eta 5.800 metro izanen ditu. Arraiozko saihesbidearen akaberan hasiko da, hor eraikiko den biribilgunearekin. Segidan, Iruritako erreka gurutzatu eta Oharrizen dagoen arrain-haztegiari eragin gabe, NA-4405 gainetik gurutzatuko du.
Errepide horrek oraingo N-121-B Oharrizekin lotzen du. Trazatuak trenbide zaharraren plataforma aprobetxatuko du. Baztan ibaira iristean, bidezubi baten bidez zeharkatuko du, eta hortik iparraldera eginen du, eta NA-4405 eta NA-4403 berriro zeharkatuko; azken hori zeharkatzeko biribilgune bat eraikiko da.
Bordatxuri muinoa zeharkatu ondotik, Elizondon sartzeko biribilgune bat aurreikusi da.  Saihesbideak Elizondo eta Elbeteko herriguneak iparraldetik inguratuko ditu. Eta Elbeten sartzeko bertze biribilgunea ere eginen da, eta saihesbidea N-121-B errepidearekin lotzen duen biribilgune batean akituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun