Iruritako eskolan duten espazio arazoari konponbidea eskatuz segitzen dute herrian. Gurasoek lan-taldeak sortuak dituzte, eta arazoari ahalik eta zabalkunde haundiena eman nahi diote. Eta horretan ari dira. Eskualdeko hedabideetan ez ezik, Euskal Herriko prentsa eta telebistetara ailegatu baita iruritarren protesta. Horrez gain, azaroaren 19an eskolaren aitzineko aldean bildu ziren protesta egiteko, eskola berri bat nahi dutela errepikatu zuten: «gure seme-alabendako eskola duin bat lortu arte lanean eta borrokan segituko dugu».
Aitzineko TTIPI-TTAPAn aipatu bezala, oraingo egoitzaren baldintzak «arras txarrak» direla diote gurasoek, eta gainera, «jolastokia herriko plaza da eta aldi berean bidea ere bada, eta bertatik kotxeak pasatzen dira. Horrek leku arriskutsu bihurtzen du».
Eskola berria eraikiko zela hitzartu zen, baina «krisia dela aitzakia, momentuan ez da eskolako proiektua eginen eta ez dakitela noiz eginen den jakinarazi digute».