Ikasketaz ingeniaria, baina lanbide aunitzetako mutila. Hala da?
Bai, karrerako proiektua egiten ari naiz, eta bitartean bertze bi lanetan: AEK-n euskara irakasle eta Solaslaguna egitasmoaren koordinatzaile.
Tabernaria, euskaltegiko irakaslea, Solaslagunako dinamizatzailea… Nola moldatzen zara denetarako?
Lan bakoitzak ez dit denbora gehiegirik kentzen, beraz nahiko aise ailegatzen naiz denetara.
Nola ikusten duzu inguruan euskararen egoera?
Herriaren araberakoa da. Herri ttikietan euskara aunitz erabiltzen da, baina Elizondon badago lanik oraindik.
Haur eta animaliekin euskaraz eta helduak euren artean erdaraz...
Tristea da, baina aunitzetan hala da eta euskararekiko dugun kontzientzia aldatu arte hala izanen da.
Zein zaletasun dituzu?
Gazte gehienei bezala lagunekin parranda egitea gustatzen zait, baina baita bizikletaz ibili eta mendira joatea ere.
Pirinioetara hiru milako bat igotzera edo Auzara joan-etorria. Zein nahiago?
Toki berriak ezagutzeko Pirinioak nahiago ditut, baina hemen ere baditugu aski mendi ederrak.
Erratzuko Sanpedroak ala Baztandarren Biltzarra?
Nik uste edozein erratzuarri galdetuz gero berdina erantzunen zuela: bien gainetik Erratzuko ihauteak!
Baztandarra ala erratzuarra. Zein lehenago?
Norberaren herriak beti tiratzen du gehiago, beraz, erratzuarra.
Zein dira baztandar on baten ezaugarriak?
Ez dut uste baztandar on prototipo bat dagoenik, beren interesak defendatzeko bertzeen interesen gainetik pasatzen ez diren guziak dira onak.
Zer du Baztanek soberan eta faltan?
Hobe izanen da soberan zer edo nor dagoen ez erratea… Faltan somatzen dut inguruneari kalterik egin gabe eta herriari bizkarrik eman gabe zonaldearen garapen sozial eta ekonomikoa ekarriko dituen plan bat; bai Baztanen eta bai eskualde osoan ere.
Amets bat?
Orain ondoan ez dudan lagunen bat besarkatu ahal izatea Euskal Herri aske, euskaldun eta sozialista batean.