Iruritan eskola berria behar dugu lehenbailehen

ttipi-ttapa 2009ko azaroaren 24a

IRURITAKO GURASO ELKARTEA

Iruritako eskolako ikasleen gurasoak, Iruritako herriak eta Baztan bailarako udalerriak, eskola berria lehenbailehen eraikitzea eskatzen dugu. Premiazkoa dela uste dugu jarraian zehazten diren arrazoiengatik:
Ikastetxean dauden ikasgelak ez dute behar aski toki momentuan dauden ikasleendako ezta datozen urteetan aurrikusten den matrikulari aurre egiteko ere. Datorren ikasturterako gela bat gehiago behar dela aurrikusten da, baina eskolan ez dago tokirik.
Sarbidea arriskutsua da. Haurrek eskolara sartzeko pasatu behar duten eskalera zuta eta arriskutsua da.
Ez dago prestatuta mugikortasun mugatua edo elbarriak diren pertsonentzat. Zenbait ikaslek muletekin ibili behar izaten dute eta ezin izan dute geletara laguntzarik gabe iritsi.
Barnekoaldean arrisku handiko bertze eskailera bat badago. Eskailera hau ikasle txikienek beraien gelara joateko eta gainerako ikasleek komunetara joan behar dutenean erabili behar dute. Aipatu behar da komun gutti eta desegokiak direla, helduek eta haurrek komun berberak erabili behar izaten dituztelako.
Jolastokia herriko plaza eta aldi berean bide bat ere bada. Leku irekia da eta errekreo orduan kate bat erabiliz ixten da ibilgailuak plazara sar ez daitezen. Nahiz eta katea hor egon errez atera daitezke umeak jolas gunetik beraien burua arriskuan jarriz.
Ez da leku egokirik psikomotrizitate eta gorputz heziketako klaseak emateko. Ikasle ttikienek ekintza hau burutu ahal izateko ezinbertzekoa suertatzen zaie irakasleei, gela bateko mahaiak eta aulkiak izkin batean mukurutzea eta koltxonetak lurrean hedatzea. Gainerako ikasleak 500 metrora dagoen pilotalekura hurbildu behar dute. Bertara, trafiko handiko N-121B errepidetik oinez joaten dira.
Bertze aldetik, 2006-07 ikasturtean, matrikularen gorakadari irtenbidea emateko, eskolatik 50 metrora dagoen Herriko Etxean gela bat moldatu zen. Gela honek gatzerrea, argi falta eta hezetasun arazo larriak ditu. Aipaturiko baldintzak umeengan osasun arazoak eragin ditzakete. Gaur egun gela hau 5. eta 6. mailako ikasleek erabiltzen dute. Gela honetan telefono sarerik ez dagoenez, ezin dute Interneten sartu. Uste dugu egin diren berrikuntzak eskasak izan direla, eta gela honek bizigarritasun zenbait arau ez dituela betetzen. Aipatu behar da gela bihurtu den aretoaren jabeek doan utzi egin dutela zenbait urtetarako.
Eskolak duen kokapenagatik, ez zen posible izanen hain polemikoak diren aula prefabrikatuak jartzea, egoitzak ez duelako horretarako lursailarik.
Badira zenbait urte hasi ginela eskola berria eskatzen eta uste dugu tarte honetan zaharkitua gelditu den oraingo eskola honetan gastatu den dirua xahutua izan dela. Egoitzak duen mantenimendu kostea handia da, beroa ez galtzeko dauden kristalak ez dira egokiak, hosgabetze edo intsonorizazio eskasa du, eta hainbat eta hainbat eragozpen gehitzen ahal genituzke.
Hau dela eta eskolak arrisku prebentziorako eta sarbideko arauak betetzen ez dituelakoan gaude. Bizigarritasun baldintza eskasak eta baliabide ezak, gure seme alaben heziketa garapen egokia galarazten du eta gainera edozein istripu eta osasun arazo pairatzeko egoeran daudela uste dugu.
Eskola berria lehenbailehen eraikitzea eskatzen dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun