Lekaroz itxuraldatuko lukeen proiektua mahai gainean dago. Oraindik onartu gabe, baina bidean: Aroztegia Jauregian eta inguruan dauden 40 hektareatan, lau izarreko hotela, golf-zelaia eta 30 partzelako urbanizazioa egin nahi da. Palacio de Arozteguía SL da bultzatzailea, eta Baztango Udalaren hasierako onarpena ere badu. Hortik haratago, alde eta kontrako iritzi kontrajarriak plazaratu dira Lekarozen.
«Baztanentzat proiektu berritzaile eta turistikoa» izanen dela erranez aurkeztu du Palacio de Arozteguía SLk bere egitasmoa. XII. mendeko jauregia lau izarreko hotel bihurtu nahi du, 16 hektarea inguruko golf-zelaia ere egin nahi da eta horrez gain etxebizitzak. Guztia zatika. «Etxeak faseka eraikiko dira: golf-zelaiarekin eta hotelarekin hasi, eta fase bat lotu arte, ezin izanen da hurrengoa egin». Horrela azaldu digute Virginia Aleman Baztango alkateak eta Martin Garde turismo zinegotziak. «Lehen fasean egindakoak saldu arte ez da bigarrenarekin hasiko».
Obrak hurrengo urtean hasi nahi ditu enpresak, eta irailaren 7ko udalbatzarrean Baztango Udalaren –NaBai eta UPN– hasierako onarpena ere hartu zuen. Aldi berean, lurren birkalifikazioa onartu zuen Udalak. Baina lekaroztarrak proiektuarekin konforme ez, eta helegiteak aurkeztu zituzten hasierako onespenaren kontra. Orain, bada, helegiteak eta txosten teknikoak aztertzekoak dira. Herritarrek botazioak ere eginak dituzte, eta juridikoki baliorik ez badute ere, proiektuaren kontrako jarrera ikus daiteke.
Bozketa
Lekaroztar talde batek sinadura bilketa egin zuen gaiari buruz herri galdeketa egiteko. 53 sinadura bildu ziren eta %48ko parte-hartzea izan zuen bozketak. «Aroztegiko lurren birkalifikazioaren alde zaude?», galdetu zen lehenbizi. Eta %67ak ezezkoa erran zuen; %26ak baiezkoa eta %7ak boto zuria. Bigarren galdera ere bota zen: «Alegazioak (birkalifikazioa, mugaketa…) egiteko herriak abokatu bat kontratatzearen alde zaude?». Eta boto-emaileen %64ak baietz. %30ak ezetz eta %6ak boto zuria.
Beraz, Lekarozen ez dute begi onez ikusten guztiek. «Baztanen biztanleria eta lana bulkatuko dituela erranez saldu nahi da proiektua» eta Lekarozko populazioa hirukoiztu eginen litzateke». Horrela ageri da Jabier Elizalde Lekarozko alkateak herritarren izenean aurkeztutako helegiteen zerrendan.
252 etxe gehienez
Egitasmoa oraindik ez dago onartua, eta aldaketak egon daitezkeen arren, enpresak hasieran aurkeztutako proiektuak, hotela, eta golf-zelaiaz gain, gehienez 252 etxebizitza egitea aurreikusia du: bizitza bakarreko 90 etxe guttienez, bi bizitzako 15 etxe gehienez, 66 etxebizitza kolektibo libre, 66 babes ofizialekoak eta 6 apartotelak. Horietatik %25 baztandarrentzat. Honen inguruan, enpresak herrian eta hedabideetan emandako informazioan datu horiek ez dituztela eman salatu du Garbiñe Elizegi herritarrak: «zenbat etxebizitza egin behar dituzten zuzen galdetu zaienean 30 partzela erantzun dute».
Bertzalde, Martin Gardek azaldu digunez, «etxebizitzak saihesbide berriaren inguruan kokatuko dira, Elizondori sarrera emanen dion biribilgunetik izanen du sarbidea, ez Lekaroztik. Merkatuzelai aldean, Elizondoren ondoan».
Duela zazpi urte hasitako prozesua
Bideak dira herritarrei kezka eragiten dieten bertze kontua. Eta hori 2002tik dator. Elizegik azaldu digunez, «2002tik 2008ra Palacio de Arozteguia SL izan da Aroztegiaren jabe. Baztango familia batena zen, eta turismoa eta ostalaritza zituen helburu. 2002an finkatik pasatzen ziren bide publikoak bereganatzen saiatu zen, Udalaren baimenarekin». Horrekin arduratuta, lekaroztarrek alegazioak aurkezteaz gain, lur publikoa eta pribatua zena ongi bereizteko eskatu zuten. Akordioa ere sinatu zuten enpresako ordezkariak, Baztango alkateak eta Lekarozko alkateak, eta enpresak hotela eginez gero, bide publiko batzuk asfaltatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina herritarrek helegiteetan diotenez, «enpresak ez zuen hitzartutako baldintza bat bera ere bete, eta bideekin eskatua zuen aldaketa juridikoa bertan behera gelditu zen; bideek jabetza publikokoak izaten segitu zuten». 2005etik Batzar Nagusiak mugak bereiztea onartua duela ere erran digu Elizegik, baina «oraindik egin gabe dago».
2008an Palacio de Arozteguía SL desegin egin zen eta jauregia eta lurrak Baltea Desarrollos Inmobiliarios SL enpresari saldu zizkion. Enpresa honen akzioen %50 Fundacion Caixa Galiciarena da. Baina berriki orain lurren jabe den enpresak aitzinekoaren izena hartu du, hau da, Palacio de Arozteguía SLren izena.
Bi enpresen arteko desberdintasunak «agerikoak» direla diote proiektuaren aurkakoek, «helburu diferenteak dituztelako». Eta Garbiñek kontatu digunez, enpresa berriak idatzi bat aurkeztu zuen Palacio de Arozteguia SL de Tajonarren izenean: «Idatzi horretan 2003ko akordioa aipatzen da, lehengo enpresarekin egindakoa. Enpresa hori orain ez denez existitzen akordioa deuseztatua dago, baina inork ez zuen batzar horretan enpresaren aldaketaren berri eman». Hala, bide batzuk pribatu bihurtzeko arriskua ikusten dute.
Bideen inguruan, hasierako eta oraingo proiektuaren artean gaizki-ulertuak izan direla iritzi dio Gardek: «lehenbiziko proiektuan agertu ziren bideak eremu itxian geldituko ziren. Baina proiektu honekin bideak dauden bezala errespetatuko dira. Urbanizazioko bideak publikoak izanen dira, eta gainera, mantentze kostua jabeen esku egonen da, eta Udalak ez du sos bat bera ere ordaindu beharko».
16 hektareako golf-zelaia
Baztanen golf-zelaia egitea proposatu duen hirugarren proiektua da hau. «Amaiurren lehena, eta Lekarozen Aroztegiaren ondoan bertzea, baina gibelera bota ziren», dio Alemanek. «Hau baino aunitzez ere gogorragoak ziren», erran du Gardek.
Lekaroztarren iritziz, golf-zelaiak «bideragarritasun eskasa» du. Bertzeak bertze, «mantentzeak inpaktu handia eraginen luke, batez ere ur kontsumoagatik, eta produktu kimikoen erabileragatik». Urteetan herrian izan duen ur eskasiaz ere ez dira atzendu. Berriki arte izan dituzten hornidura arazoak ura Iruritatik hartuta akitu baitira.
Virginia Alemanek, bere aldetik, urarekin ez dela arazorik izanen adierazi du: «lurrazpiko akuifero batzuk daude partzela horretan, eta handik hartuko dute ur guztia».
Helegiteetan ageri denez, lekaroztarren irudiko, «etxe gehienak golf-zelaiak erakarrita etorriko diren jendearen bigarren bizitzak izanen dira». Hala, «bigarren bizilekuek sortzen duten lana hutsaren hurrengoa da, eraikuntza prozesuan izan ezik». Izan ere, herritarren arabera, «lana eta biztanleria indartuko dela erranez saldu nahi da proiektua, Ballerako interes publikoa duela erranez, baina isiltasun eta informazio eskasiaren gibelean, partikular baten interesa dagoela pentsa daiteke».
Baina Udalean bertzelakoa pentsatzen dute: «natura errespetatzen duen proiektu bat da. Turistikoki baliabideak behar ditugu, gure bezeroek zerbitzu gehiago eskatzen dizkigutelako eta horien artean dago golf-zelaiaren eskaera. Ez da ingurumenarentzat erasokorra». Hirigintza ikuspegitik ere alde positiboa ikusten diote Udalean: «gaur egun Baztango landa-eremuan eraikitzen ari diren familia bakarreko bizitzak aunitz hedaturik dira, eta hori kezkagarria da. Alde horretatik, etxe mota hauek leku batean kontzentratzea aukera ona izan daiteke».
Baina herritarrek euren hitza errespetatzeko eskatu diote Udalari. «Onartezina da Udala proiektuaren bultzaileekin akordio batera ailegatu izana, Lekarozko auzotarren iritzia kontuan hartu gabe». Horixe dio helegiteen zerrendako azken puntuak.
Eztabaida, beraz, bizi-bizi.
ZER DIOTE promotoreek?
Proiektua aitzinera ateratzen bada, enpresak hainbat konpromiso hartuko dituela iragarri du. Honela dio TTIPI-TTAPAri igorritako oharrean: «Aroztegia Jauregia enpresa-ekimena proiektu sozioekonomikoa da eta bi enpresa berde eraiki nahi ditu: hotel ‘xarmant’ bat, garai batean defentsarako jauregia izan zena eta Baztango ondare historikoa zaharberrituz, eta bertzetik, golf-zelaia, inguruarekin bat eginez. Gainera, etxebizitzentzat gune bat eraiki nahi da eta hau faseka eginen da. Garapen jasangarria izanen duen proiektua da eta aldi berean, lanpostu zuzenak eta zeharkakoak sortuko dituena.
Baztan osorako izanen da garrantzitsua, konpromisoak hartuko baititu balle osoarekin (...).
Golf-zelaiak eta proiektu osoak ur hornidura propioa izanen du eta aipatzekoa da, urbanizazioaren mantentze lanek ez dietela kosturik sortuko ez Udalari eta ez herritarrei ere.
Badira bertze konpromisoak ere, aisialdiarekin, kirola egitearekin eta turismoa indartzearekin lotura zuzena dutenak. (...) merenderoak eraikitzea aurreikusia dugu eta parke flubiala ere eginen da, jolaserako eta aisialdirako gune batekin osatua. (...) Golfa balleko eskolako jardueren artean sartuko da, eta toki publikoak eta kirol elkarteentzako lokalak egokituko dira. Baztandarrek instalazioak erabiltzeko baldintza bereziak izanen dituzte.
Baztango ondare historikoa kontserbatzeko proiektua dela uste dugu, baita ballerako inbertsioa ere. Enpresa eraikitzaileek, gremioek eta merkataritzaren sektore osoak aterako dituzte onurak».