Lekarozko Kolegioa botatzen hasi dira

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 24a

80 Tonako pisua eta 30 metroko besoa duen makina ari da Lekarozko kolegio zaharra botatzen. TTIPI TTAPA

1888an sortutako ikastetxea desagertuta geldituko diren 90.000 metro koadroetan, kultura, hezkuntza eta ekonomiarekin lotutako jarduerak eginen omen dira

Lekarozko Kolegioa botatzen hasi ziren astelehenean, azaroaren 23an. Horretarako Olloquiegui Redenor UTEak 393.518,90 euroko aurrekontua izanen du. Bakar bakarrik babes berezia duen eliza, klaustroko bi magnolioak eta bertze leku batera eramanen den kolegioko sarrerako arkupea mantenduko dira.
Gainerakoa, heldu den asterako dena botatua egonen omen da, abenduaren 15erako beranduenez.
Sprin elkarte publikoko Eduardo Apestegia teknikariak aipatu zuenez, “sutea jasan zuen zatia botatzen hasi gara eta gero frontoiekin segituko dugu. Gero gibeleko aldetik segituko dugu eta gero eskuin hegalarekin akituko dugu, sarrera aldearekin”. Hori lortzeko, 80 Tona duen makina erabiltzen ari dira Lekarozen, 30 metroko besoarekin.
Azken hilabeteetan Kolegioko ikasle ohiak Nafarroako Gobernuarekin bilduak ziren, eraikinaren zatiren bat bederen zutik uzteko, baina, bistan denez, solasaldi horiek ez dute emaitzarik izan. Sinadura bilketak eta Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko saiakerak ere egin dira, baina ondoriorik gabe. Nafarroako Gobernuak osorik botatzea erabaki zuen.

 

1888an sortua

Lekarozko Kolegioa Llevaneras Aitak eta Kaputxinoen ordenak sortu zuten 1888an. 1962ko sutearen ondotik, 1967an bertze ikastetxea eraiki bazen ere, eraikin zaharrak komentua hartu zuen 2003 urtera arte. Orduan, kaputxinoek ixtea eta salgai jartzea erabaki zuten. Nafarroako Gobernuak erosi zuen, Baztango Udalari aurrea hartuz.
Behin kolegioa botatzen denean, geldituko den 90.000 metro koadroko eremuan, kultura, hezkuntza eta ekonomiarekin loturako jarduerak eginen dira, baina oraindik zehaztu gabe dago afera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun