Iruritako eskolan duten espazio arazoari konponbidea eskatuz segitzen dute herrian. Gurasoek lan-taldeak sortuak dituzte, eta arazoari ahalik eta zabalkunde haundiena eman nahi diote. Eta horretan ari dira. Eskualdeko hedabideetan ez ezik, Euskal Herriko prentsa eta telebistetara ailegatu baita iruritarren protesta. Horrez gain, azaroaren 19an, ortzegun arratsaldean, eskolaren aitzineko aldean bildu ziren protesta egiteko, eskola berri bat nahi dutela errepikatu zuten: «gure seme-alabendako eskola duin bat lortu arte lanean eta borrokan segituko dugu» adierazi zuten Cristina Altzuarte, Jaione Eskudero, Idoia Eskudero eta Begoña Argainek, Peio Obregozo Iruritako alkatearekin batera.
Oraingo egoitzaren baldintzak «arras txarrak» direla diote gurasoek, “izan ere, haur hauen aitatxi-amatxiek ere eskola honetan ikasi zuten” eta gainera, «jolastokia herriko plaza da eta aldi berean bidea ere bada, eta bertatik kotxeak pasatzen dira. Horrek leku arriskutsu bihurtzen du». Gimnasia egiteko, berriz, frontoiraino joan behar dute, N-121B errepide ondoan 500 metro eginez.
Eskola berria eraikiko zela hitzartu zen, baina «krisia dela aitzakia, momentuan ez da eskolako proiektua eginen eta ez dakitela noiz eginen den jakinarazi digute». 2008an, eskolaz kanpoko bertze ikasgela bat sortu behar izan zuten, Iruritako herriak utzitako lokal batean. Urte berean hezkuntza kontseilariaren bisita izan zuten Iruritan eta egoera ikusta, ikastetxe berri bat eraikitzea onartu zen, 2008-2012 Plan Zuzentzailearen barrenean. Bilera aunitzen ondotik Balleko Udalak 1.500 metro koadroko lur saila erosi zuen eta lehendik zeukan bertze bati elkartuta, ikastetxe berria frontoiaren ondoan eraikitzea aurrikusi zen. Hezkuntza sailetik 2009 urte hondarra ezarri zuten proiektua idazteko azken epetzat, eta eskola berria 2010-2011 ikasturterako irekitzea espero zuten, baina krisiaren eraginez lanak gibeleratuko direla eta ezin dituztela epe berriak adierazi zion hezkuntzako ikuskatzaileak Iruritako eskolako zuzendariari.