Urtebeteko lanaren ondotik, Batzar Nagusiak onartu du Ordenantza, Zerga eta Paramentu berrien aurreproiektua. Ezohiko bilkura egin zuen urriaren 28an eta bildutako gehienen aldeko botokoekin atera zen aitzinera. Abstentzio bakarra izan zen tartean, Xabi Torres Elizondoko alkatearena. Prozesuan herritarrek ez dutela parte-hartu erranez arrazoitu zuen bere abstentzioa.
Hasierako onarpenaren ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da txostena, eta orain, herritar, elkarte, erakude edo instituzioek hiru hilabeteko epea dute alegazioak aurkezteko. Epea akitutakoan, alegazioak baldin badaude, horiek kontuan hartuz behar diren aldaketak eginen dira, eta botazioa eginen da gero. Alegaziorik ez badago, berriz, dokumentua behin betikoz onartua geldituko da.
Aspaldiko araudia
Erdi Aroaz geroztik daude funtzionamenduan ordenantzak, eta gaur egun indarrean daudenak 1967koak dira. Duela zenbait urte, ordea, Batzar Nagusian ordenantzak eguneratzearen beharra nabarmendu zen. Eta horren bidetik, duela urtebete lantaldea sortu zuten Batzar Nagusiko eta Udaleko kideekin eta adituekin.
Azken urte honetan bilerak eginez ibili dira, eta egin duten txostena joan den urriaren 28an aurkeztu zuten, eta gehiengo osoz onartua izan zen. Bertzeak bertze, helburu hauekin egin dute zirriborroa: gizartearen gaur egun beharretara egokitzeko, Batzar Nagusia indartzeko eta honen eskumenak finkatzeko.