Heldu den urteko maiatzean irekiko da Arraiozko E.Leclerc supermerkatua

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 3a

40 bat lanpostu zuzen sortuko direla adierazi dute



Arraiozko merkatari­tza gune berria E.Le­clerc taldearena izanen da. Eta 2010eko maiatzerako zabalik egonen da. Ho­rrela adierazi du proiektuaren bultzatzailea den Urtelor elkarteak ohar bidez. Horrekin batera, iragarri dutenez, «Baztan-Bidasoarentzat, E.Le­clerc taldearen finkapenak 40 bat lanpostu zuzen sortuko ditu lekuan berean, baita hainbat zeharkako lan ere –azpiegituren eraikuntza eta salerosketa sailak sortuko dituenak–».

Langilearen kontratazioa
Langileak bi txandatan kontratatuko dituzte, oharrean ageri denez, «postuak eskatzen duen espe­rien­tzia­ren arabera»: Lehenik Baztan-Male­rreka aldean bizi diren lagun esperimentatuak hartuko dira, ibilbide arrakastatsua dutenak, eta bertzeak ber­tze, lanerako gaitasuna eta helburu komertzioalak lortzeko autonomia finkatzen dakitenak. Dagoeneko, ezaugarri horiek betetzen dituzten langileen bila dabiltza. Epe laburrean, sei arlotan arduradun izanen direnak hartu nahi dira: horietako bat harategia, urdaitegia, arraindegia, okindegia, gozotegia eta fruta eta barazkietarako; bertzea janari lehorretarako; produktu freskoen bertze bat eta oihal-bazar-produktu tekniko-botika eta lurrin­degia eta ordain kutxe­tarako bertze arduradun bat.
Merkataritza munduaren esperientzia berezirik gabeko lankideak hartuko dira ondotik, Baztan-Male­rreka aldean bizi direnak. Langile hauek 2010 hasieran hartuko dira. Curriculumak igortzeko helbide elektronikoa honako ondoko hau da: lec lerc.baztan@terra.es.

Lekuko ekoizleekin harremanak
Oharrean ageri denez, E.Leclerc Baztan/ Bidasoak tokiko enpresekin harremanetan jar­tzeko asmoa du, Baztan/ Bidasoan egiten diren produktuen salmenta bultzatzeko. Interesatuak egonez gero, helbide honetara idatzi behar da: Baztandis, S.L.; Santiago karrika 15, 3. A; 31700 ELIZONDO edo lecrerc. baztan@te rra.es helbide elektronikora.
Salmentan edo zerbitzu arloan bere negozioa nahi dutenentzat ere areto komertzial ttiki batzuk errentan emanen dituzte, gune modulable batean. Azpiegitura hauen planoak eta neurriak aipatutako helbidean eska daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun