Urriaren 6az geroztik, Nasursa enpresak Balleko Etxean ere eskaintzen du etxebizitza eta hirigintzako aholkularitza teknikoa. Hilabeteko lehen eta hirugarren asteartetan, 8:30etik 12:00etara izanen dira aholkulariak udaletxeko bigarren solairuan, hirugarren bulegoan. Hurrengo hitzorduak urriaren 20an, azaroaren 3 eta 17an eta abenduaren 22an izanen dira.
21 herri eta 12 udalekin lanean
Etxeak eraberritzeko dirulaguntzak kudeatu eta Udalei hirigintzari buruzko aholkularitza teknikoa ematea dira Baztan-Bidasoako Nasursaren helburuak. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren mende dagoen enpresa publikoa da eta Nafarroan 1999an sortu bazen ere, joan den urtean ailegatu zen eskualdera. Gaur egun, Doneztebeko Merkatarien Karrikan du bulegoa, udaletxe parean. Baztan-Bidasoako 21 herritako bizilagunentzat ari dira lanean, eta 12 udalekin hitzarmenak ere eginak dituzte hirigintza kontuak kudeatzeko.