Bigarren urtez Urdazubi-Zugarramurdi eta Baztango Herrietako Eskolak euren besta ospatu zuten urriaren 4an. Amaiurren hasiz, aurtengo hitzordua Iruritan izan zen. Hala, herrietako eskolen garrantzia eta Iruritako eskola berriaren beharra aldarrikatu ziren. Goizean Iruritako Erreboteko plazatik abiatuz, Gartzain, Elixoto, Apote eta Ordokin ibili ondotik, berriz ere, Erreboteko plazara bueltatuz ibilaldi koloretsua egin zuten. Haurrendako jokoen gibeletik, bazkaria egin zen eta akordeoiaren musikarekin, Zugarramurdi-Urdazubiko eskolari lekukoa eman zitzaion 2010eko besta antolatzeko. Aipatzekoa da, aurtengo bestak aldarrikapen berexia zuela. Izan ere, Iruritan hurrengo ikasturterako eskola berriaren behar larria dago. Heldu den kurtsorako, gaur egungo instalazioetan lekurik ez dago, eta gainera, Elizondon, asteazkenetetan elkartzen diren herrietako haurrendako ere ez da lekurik izanen.