Nasursa enpresak ematen duen Baztan-Bidasoako etxebizitza eta hirigintzako aholkularitza teknikoko eskualdeko bulegoak Baztango Balleko Etxean ere eskainiko du zerbitzua hemendik aitzinera. Hilabeteko lehen eta hirugarren asteartetan, 8:30etik 12:00etara izanen dira aholkulaiak Baztan Balleko Etxeko bigarren solairuan, hirugarren bulegoan. Lehen eguna astearte honetan, urriaren 6an izanen da eta gero urriaren 20an, azaroaren 3 eta 17an eta abenduaren 22an izanen dira Elizondon.
Otsailetik bulegoa Donezteben
Etxeak eraberritzeko dirulaguntzak kudeatu eta Udalei hirigintzari buruzko aholkularitza teknikoa ematea dira Baztan-Bidasoako Nasursaren helburuak. Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren mende dagoen enpresa publikoa da Nasursa eta Nafarroan 1999an sortu bazen ere, joan den urtean ailegatu zen eskualdera. Urtebetean Doneztebeko Juansenean egon zen bulegoa, baina 2009ko otsailaren 24tik aitzinera Doneztebeko Merkatarien Karrikan, Udaletxearen parean ireki zuten. Baztan-Bidasoako 21 herritako bizilagunentzat ari dira lanean, eta horrez gain, 12 udalekin hitzarmena dute herriko hirigintza kontuak kudeatzeko. Poliki-poliki zabaltzen ari dira eta azken urte honetan jaso duten jendearen erantzuna ere ona izan da. Hala, urtebetean etxeen zaharberritzei buruzko 168 ahozko kontsulta atenditu dituzte eta 108 etxebizitzari zegozkion 56 espediente tramitatu dituzte. Orain, Baztan Balleko Etxean hilabetean bitan izanen direnez, Baztan aldeko hirigintza dirulaguntza eta aferei buruzko aholkularitza hurbilagotik emanen dute.