Bigarren urtez, Baztango herrietako eta Urdazubi-Zugarramurdiko eskolek euren besta ospatuko dute igandean, urriak 4. Hala, gan den urtean Amaiurren utzitako zapore onarekin, segida eman nahi zaio aurten Iruritan. Helburua eskoletako gurasoak harremanetan jartzea da,kontutan hartuz ikasle eta irakasleak elkarrekin lan egiten dutela urte guzian, eta bide batez, eskolak herrietako bizitzan duten garrantzia aldarrikatu nahi da.
Goizean ibilaldia eginen da Gartzain alderat, haur ttikiak ibiltzeko eta haurren aulkiekin gateko modukoa da. Ondotik haur jokoak izanen dira, bazkaria autogestionatua –bakoitzak berea eramanen du– eta akitzeko, berriz, dantzaldia.