Foru Plaza itxuraberritzeko lanak heldu den urtean egitea espero du Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko ira. 29a, 12:36

Goiko argazkia sari banaketa ekitaldian ateratakoa da. Behekoa, berriz, lurrazpiko edukiontziak paratzeko obretan egina da. TTIPI TTAPA

Ideien lehiaketako sariak banatu dira

Iragarri bezala, Udalak irail erdialdera banatu zituen Elizondoko Foru Plazaren urbanizaziorako ideia lehiaketako sariak. Guzira 44 proiek­tu aurkeztu ziren lehiaketara eta abuztuaren 1ean jakinarazi zituzten lehenbiziko hiru saridunak. Sariak, berriz, irailaren 16an banatu ziren, ekitaldi xume batean.
Hirugarren sariko 2.000 euroak Stortoget egitasmoa aurkeztu zuten Jabier Garcia Neila eta Irantzu Saez de Galdeanok jaso zituzten. Bigarren sariko 3.000 euroak biltzera Maite Danboriena lekaroztarra hurbildu zen. Ekitaldira agertu ezin izan zuen Idoia ahizparekin batera Billan­tzikotik Zortzikora proiek­tua aurkeztu zuten. Lehen sariaren irabazleak ere ezin izan zuten ekitaldira agertu. 6.000 euroko saria Koldo Fernandez, Corina Blanci eta Enrique Jerez hirukoteak eskuratu du, Lurra BZT proiektuarekin.
Ekitaldian, Virginia Aleman alkateak aipatu zuenez, «proiektu hau, aldaketa batzuekin eginen da». Hori bai, ideien lehiaketa hauek irabazi arren, Foru Plazaren zaharberritze eta moldaketa proiektuaren erredakzioa, Lekarozko Idoia eta eta Maider Danborienak osatzen duten Doarq estudioak eginen du.

Proiektua
Bertzeak bertze, Ardandegia edo Kortea izeneko etxeak utzitako orubean eraikin berri bat eginen da eta aterpe bat ere izanen da ekitaldiak egiteko.  Udalak legealdi honetarako zuen lehentasunetako bat zen Foru Plaza moldatzea. «Oraindik finantziazio-iturriak bilatu behar ditugu, baina lanak heldu den urtean egitea espero dugu», adierazi zuen alkateak.  
Bertzelako lanak ere egiten ari dira Elizondon. Merkatu Plazan liburutegia egiteko lanak abendurako akituko dira –Hargibel Eraikuntzak enpresak eginen du– eta abudo Santiago eta Jaime Urrutia karrikak lotuko dituen plaza bat ere eginen da. Leku horretan, lurrazpiko edukion­tziak jartzeko lanetan hasiak dira. Gainera, Foru Plazako aparkalekua desagertu denez, ibilgailuak uzteko bertze leku batzuren bila ari dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun