Kultur ezberdinen arteko eguna antolatu du Bidelagun elkarteak irailaren 19an

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 18a

Bidelagun elkarteak etorkinen aldeko hainbat ekimen gauzatzen ditu. Argazkian, Isidro Herguedas elkarteko bultzatzailea. TTIPI TTAPA

Hainbat ekitaldi eginen dira larunbatean, "Baztan mundu bat. Mundu anitz Baztanen" lelopean

Zer dire “cuñape”a eta “sonso”a? Boliviako sukaldaritzako ohiko errezetak dira. Badakizue Latinoamerikako kasik haur guztiak gauza direla kometa bat egiteko? Holako bitxikeriak eta gehiago ezagutzen ahalko dituzte larunbatean, irailaren 19an, Elizondoko Foru plazara hurbilduko diren baztandarrek; edo euria egiten badu, Merkatuko plazara. Eguraldiaren arabera, eszenatoki hauetan ospatuko da Baztango lehenbiziko kultur ezberdinen arteko eguna, “Bidelagun” giza-borondatezko elkarteak antolaturik, eta “Baztan mundu bat. Mundu anitz Baztanen” lelopean.
Munduko leku ezberdinetatik etorritako bizilagunek, Baztanen denbora badutenak elkarrekin bizitzen, beren ohituren eta folklorearen zati bat erakutsiko eta konpartituko dute, hala nola, musika, dantza edo ohiko errezetak. Helburua, elkarren ezagutzatik kultur ezberdinen arteko hurbilketa eta integrazioa sortzea da. “Bidelagun”etik, errespetua, elkartasuna, eta estereotipoen urraketa bezalako baloreak bizkortu nahi dira, edo jokaera antiarrazistei lehentasuna eman.  Bidelagun elkarteak berak, kolektibo hauetako kide batzuk programazioa egiterakoan erakutsi duten ilusioa eta egin duten lana nabarmen utzi du, publiko guztietarako eta gustu guztietarako ekitaldiak prestatu baitira.

 

Egitaraua

Irailaren 18an, ortziral arratseko 20:30ean Merkatuko plazan “The Visitor” filmaren proiekzioak egitarauari hasiera emanen dio. Larunbat goizean, kultur ezberdinen arteko futbito txapelketa izanen da. Bertan, jatorri ezberdinetako herrialdetako ekipoek, eta baita ere nahasitakoek, Baztan frontoian neurtuko dituzte baloinarekin dituzten abileziak. Haurrendako, Foru plazan ipuin kondalari bat arituko da eskuaraz.
Haurrak izanen dira arratsaldeko lehendabiziko ekitaldien protagonistak ere. Kometak egiteko tailer bati esker haur latinoamerikarren ohitura batzuk ezagutuko dituzte, haiek izigarri artexak baitira kometak egiten eta zeruan barna dantzarazten. Ondotik, Boni Ofogo ipuin kondalari kamerundarrak bere herrialdeko ixtorioak kondatuko ditu. Bizkitartean, Mi Fa fanfarreak Elizondoko karriketarat munduko musika eta poztasuna ekarriko ditu.
18:30ean munduko platerren dastaketa izanen da, eta bertan, Honduras, Nicaragua, Ecuador, edo Boliviako herrialdeek bertzeak bertze, hurbiltzen den guztiari herrialde horietako ohiko errezetak dastatzerat emanen diote: “Yapingacho” (Ekuador), “Chancho” iukarekin (Nikaragua), edo “Tamarindo” freskagarria (Honduras), bezalakoak. Bizkitartean, platerekin gehiago disfrutatzeko, musika emanaldi frango izanen da: Baztango Txalapartariak, boliviar dantzak, Ekuadorreko musika, Aisha Alma ekialdeko dantza taldea, Peru Arte eta rantxerak.
Bestan parte hartzeko konbitea luzatu nahi dute Bidelagun elkartetik orai bere bizilagunak direnen kultura pittat gehixago ezagutu nahi duenari; eta baita ere, beraiekin gurea  konpartitzeko Baztango lehenbiziko kultur ezberdinen arteko egunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun