Elizondoko Foru Plazaren urbanizaziorako ideia lehiaketako sariak banatu zituen irailaren 16an Baztan Balleko Udalak. Guzira 44 proiektu aurkeztu ziren lehiaketa honetara eta abuztuaren 1ean jakinarazi zituzten lehenbiziko hiru saridunak.
Asteazken eguerdian, berriz, ekitaldi xume batean sariak eman zituzten. Hirugarren sariko 2.000 euroak jaso zituzten “Stortoget” egitasmoa aurkeztu zuten Javier Garcia Neila eta Irantzu Saez de Galdeanok. Bigarren sariko 3.000 euroak biktzera Maite Danboriena lekaroztarra hurbildu zen. Ekitaldira agertu ezin izan zuen Idoia ahizparekin batera “Billantzikotik Zortzikora” proiektua aurkeztu zuten. Lehen sariaren irabazleak ere ezin izan zuten ekitaldira agertu. 6.000 euroko saria eskuratu dute Koldo Fernandez, Corina Blanci eta Enrique Jerez hirukoteak, Lurra BZT proiektuarengatik. Virginia Alemanek aipatu zuenez, “proiektu hau, aldaketa batzurekin izanen da eginen dena”. Hori bai, ideien lehiaketa hauek irabazi arren, Foru Plazaren zaharberritze eta moldaketa proiektuaren erredakzioa, Lekarozko Idoia eta eta Maider Danborienak osatzen duten Doarq estudioak eginen du.
Proiektua
Bertzeak bertze, Ardandegia edo Kortea izeneko etxeak utzitako orubean eraikin berri bat eginen da eta aterpe bat ere izanen da ekitaldiak egiteko. Balleko Gobernu taldeak legealdi honetarako zuen lehentasunetako bat zen Foru Plaza moldatzea. “Oraindik finantziazio-iturriak bilatu behar ditugu, baina lanak heldu den urtean egitea espero dugu”. Bertelako lanak ere egiten ari dira Elizondon. Abastos plazan liburutegia egiteko lanak abendurako akituko dira eta abudo Santiago eta Jaime Urrutia karrikak lotuko dituen plaza bat ere eginen da. Leku horretan, lur azpiko edukiontziak jartzeko lanetan hasiak dira. Gainera, Foru Plazako aparkalekua desagertu denez, ibilgailuak uzteko bertze leku batzuren bila ari dira.