Berez, Iruñeko Sanferminetan jokatzekoa zen Nafarroako Txinga-Eramate Txapelketa, baina parte-hartzaile nahikorik ez –hiru behar dira guttienez–, eta bertan behera gelditu zen. Halere, berriki egin ahal izan da: irailaren 6an Leitzan.
Joan den urtean bezala, Leitzan gelditu zen txapela: Miguel Angel Sukuntzak 19 plaza, plaza erdia eta 4,60 metro egin zituen. Bigarren eta hirugarren sailkatuei alde nabarmena atera zien leitzarrak.
Iaz ere bera izan zen txapelduna, baina orduan 17 plaza eta 1,44 metro egin zituen.
Bigarren postua ere eskualdean gelditu zen: Zigako Martin Zenozentzat izan zen. Honek 8 plaza, plaza laurdena eta 6,08 metro egin zituen. Berriozarko Imanol Martin gelditu zen hirugarren, 7 plaza eta plaza erdia egin ondotik.
50 kiloko txingak esku banatan hartuta, ahalik eta plaza gehien egin behar izan zituzten kirolariek. Aipatu, plaza bakoitzak 28 metro dituela.