Arkupeak erretiratuen elkarteak omenaldia eskainiko dio urriaren 11n Mariano Izeta idazle elizondarrari. Mariano Izeta Elizalde 1915. urteko uztailaren 14an jaio zen eta bere 85 urtetan lan handia egin du euskararen eta euskal kulturaren alde. Euskaltzaindiako aholkularia da, bi nobelen idazlea eta «Baztango Hiztegia»ren egilea da. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko lehendakaria da eta kazetaritzaren munduan ere bere bidea egin du Mariano Izetak, aunitz urtez Elizondo eta inguruko herrietako berriak lau haizetara hedatu baititu egunero Xorroxin Irratiaren bidez. Santiago eguneko mutildantzaren buru ere izan da urteetan, bere erlojundendako lana alde batera utzi gabe.
Lan horren ondorioz hainbat omenaldi jaso ditu. «Baztango kontuak» bere azken idazlana argitaratu ondotik, Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Baztango Udalaren omena jaso zuen eta, berrikiago Zarauzko Udalak ere bere lana eskertu zuen. ttipi-ttapa aldizkariak ere bere esker ona adierazi zion Mariano Izetari 1998an, Baztan-Bidasoako Euskaltzaleen I. Topaketaren barnean.
Urriaren 11rako Arkupeak elkarteak antolatutako ospakizunak Elizondon eginen dira. 11etan Meza emanen da. Bertsolariak izanen dira eta ondoren omenaldia eskainiko zaio Marianori. 12,30etan, Hostal Baztan jatetxera gateko autobusak aterako dira Institututik eta Merkatu Plazatik.
Gisa honetako ekitaldietan ohikoa dutenez, ez dute nolanahiko menua izanen erretiratuek: etxeko patea, marisko ensalada, haragi eta arrain paella, letxua eta tipul ensalada, umerri paleta labean patatekin, etxeko tarta izozkiarekin, txanpaina, ura, ardoa, kafea eta kopa. Bazkalondoan, arratsaldeko 4etatik 6,30etara dantzaldia izanen da eta gero autobusak abiatuko dira herri ezberdinetara.