Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko alkateek egindako eskari nagusien artean, anbulantzia medikalizatuarena zegoen. Patxi Oiartzabal Baztango alkateak zioenez, «bide arras luzeak egin behar dira, Zugarramurditik Iruñera adibidez, eta anbulantzia hori premiazkoa da». Larrialdietarako helikoptero baten beharra ere azaldu zen. «Nafarroako Gobernuarena erabiltzeko aukera aipatu dugu, baina erantzunaren zain gaude».
Elizondoko Oinarrizko Osasun zonaldeak 458 milioi pezetako aurrekontua du aurten. Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko 7.480 bizilagun atenditzen ditu. Oinarrizko Osasun Laguntza taldea, Emakumeen Laguntza taldea eta Adimen Osasunerako taldea ditu. Zonalde honetako ezaugarri nagusietako bat, jendearen adin altua da. 65 urtetik goitikoa da populazioaren %21,5 (Nafarroan %17). Urteko lehen sei hilabetetan 29.528 kontsulta atenditu dira.