Santiago Cervera, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak bisita egin zuen urriaren 3an Elizondoko Oinarrizko Osasun Zonaldera. Nafarroako bertze eskualdetan bezala, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko osasun egoera eta eskari nagusien berri izan zuen kontseilariak. Gainera, Irurita, Gartzain eta Lekarozko bizilagunei zerbitzua eskainiko dien Iruritako mediku kontsulta berria inauguratzeko aprobetxatu zuten. Kontsulta berri honek zaharkitua zegoen Gartzaingoa ordezkatuko du. Iruritako pilota plaza ondoan dagoen kontsultak 17 milioiko aurrekontua izan du eta ekipamendu gastuetan 2,2 milioi joan dira. Osasunbideak ordaindu du oso-osorik. 110 metro koadro ditu eta honeko instalazio hauek: medikuntza orokorreko kontsulta, erizaintza kontsulta, administrazio-aretoa, itxarongela, biltegia eta komunak. Jose Pedro Mendioroz, Gartzain eta Lekarozko apezak bedeinkatu zuen kontsulta berria.