Gan den urtean bezalaxe, aurten ere Kirikoketa Eguna antolatu du Jo ala Jo taldeak, Erratzuko Kultur Elkartea, Larraldea sagardotegia, Ordoki likoreak eta Ilargi, Intza, Pirrin, Zubipunta eta Taska ostatuen laguntzarekin. Larunbat honetan, azaroak 4, eginen da besta egun hau. Goizeko 10etan Kirikoketa joko dute Jo ala Jo taldeko kideek Larraldea sagardotegian, Erratzun, Arizkunen eta Amaiurren.
Bi orduetan Arizkungo Gamioxaharreako dolarea bisitatuko da eta bertan sagardoa nola egiten zen eta zein tresnak erabiltzen ziren erakusten duen murala ere izanen da ikusgai. Arratsaldeko 5etan Elizondoko plazan sagar zanpatzea eginen da, txistulari, dantzari, albokari eta Arano, Leitza eta Baigorriko txalapartarien laguntzarekin. Gainera, zanpatzearen ondorioz lortzen den zukua edateko banatuko da eta artopilak izanen dira salgai.
Gaueko 9etan, Abastos plazan kontzertu-afaria eginen da. Txartelak 1.500 pezetatan salgai daude, laguntzaile diren ostatuetan.
Lehengo tradizioak berreskuratu
Xabier Torres, Oianko Garde, Patxi Larralde, Iñaki Obregozo eta Txomin Petrikorenak osatzen dute, bertze laguntzaile batzuekin, Jo ala Jo kirikoketa taldea. Sagardoa egiterakoan erabiltzen zen tresna hau jotzeaz gain, «galdua dagoen lehengo tradizioak berreskuratu eta kultura ezagutu nahi dugu» diote taldekideek.