Joan den urteko abenduan egin gabe gelditu ziren bide batzuk hobetzeko lanak. Zehazki, Erdikoborda, Dorrea, Komainekomendi, Apaioa, Urrasu-Malkorrenea eta Altzako bideak gelditu ziren moldatu gabe. Bide horiek hobetzeko lanak eman ditu orain Balleko Udalak. Berako Arkaitza enpresak eginen ditu, 92.486.858 pezetaren truke. Lan hau Hirurteko Azpiegitura Planaren barnean sartua dago.
Bertzalde, Macla Ingeniería Civil, S.L. enpresak eginen ditu Berroeta, Arizkun eta Elizondoko ur-sarearen berritze eta Berroetako karriken zolaberritze lanen proiektuaren idazketa eta zuzendaritza teknikoa. 10.933.000 pezetako aurrekontua dute lan hauek eta 2000. urteko azpiegitura planean sartuak daude.
500 milioi inbertituko dira hurrengo hiru urtetan
Bertzalde, heldu diren hiru urteetan Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamenduak 500 milioi inbertituko omen ditu Baztango errepideak moldatzen. Bertzeak bertze, N-121-B errepidetik Amaiur eta Azpilkuetarako sarrerak moldatuko dira; Mugairitik Otsondorako bidea moldatuko da (300 milioiko aurrekontua); Orabidea eta Urdazubi arteko errepidearen lehen zatia eta Irurita-Lekaroz errepidea egokituko dira; Belatetik jausterakoan, Almandoz eta Berroetako irteeretan, Berroeta, Ziga, Aniz eta Almandoz herrien berri emanen da seinaletan eta Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Elizondo eta Elbeteko zeharbideak moldatuko dira.
Oronozko saihesbideko lanak heldu den urtean emanen dira
Oronoz-Mugairiko saihesbidearen lanak heldu den urtean adjudikatuko dira eta 2003. urterako akituak izatea espero da. Saihesbide honek 1.680 metroko luzera izanen du eta 1.199 milioi pezetako aurrekontua izanen du.
Florentino Goñi Oronoz-Mugairiko alkatea gustora dago, errepide berriaren trazatuak herritarren eskaerak kontuan hartu dituelako, «%95 batean». Alkateak dioenez, «lehengo trazatua herritik 200 metrora pasatzen zen, herriko belagi gehienen erditik. Orai berriz, kanposainduaren gibeletik pasatzen da eta 420 metroko tunel baten bitartez Askape ingurura ateratzen da. Honela, suspel tokiak eta kurbak saihesten dira». Zozaia eta Oronoz arteko errepide berria egitean ur-sarea kontuan hartzea eskatu du orain Florentino Goñik.