Aunitzek ezagutuko duzue Elizondoko Braulio Iriarte karrika. Baina, nor izan zen Braulio Iriarte Goienetxe? Txokoto auzoko Martindenean sortu zen 1860an. Hamazazpi urte zituela Mexikora gan zen, baztandar gehientsuenak bezala, okin gisara lan egitera. XX. mende hasieran 80 bat okindegiren jabe zen. 1925ean Cerveceria Modelo S.A.ren lehen lantegia sortu zuen. Hirutan hogeita hamabortz urte bete berritan, Mexikoko garagardo enpresarik handiena eta Munduko zortzigarrena da, bertzeak bertze Corona –hemen Coronita– garagardo famatua egiten duen enpresa. Erreportai hau osatzeko, Alberto Aldaik Mexikoko nafarrei buruz egin duen doktoretza tesian oinarritu gara.
Urriaren 25ean hirutan hogeita hamabortz urte bete dira Mexikoko Cervecería Modelo S.A. garagardo enpresaren lehen produkzio lantegia inauguratu zenetik. Braulio Iriarte Goienetxe elizondarra izan zen lantegi honen bultzatzailea, lehen bokala eta administrazio kontseiluko lehendakaria 1922tik hil zen arte, 1932. urtean.
Modelo garagardo enpresaren –Corona garagardoarengatik ezagunagoa– sorrerak gizarte eta ekonomi arloan izan zuen garrantziaz ohartzeko, aipatu behar da Mexiko Errepublikako lehendakaria, Plutarco Elías Calles, eta gobernu osoa izan zela lantegiaren inaugurazio ekitaldian. Berna markesa, Espainiako ministroa Mexikon eta industria, negozio eta finantza gizonak ere izan ziren inaugurazio ekitaldian, El Sol egunkari espainiarrak bildu zuenez.
Izan ere, Modelo sortu aitzinetik, 1920. hamarkadan garagardotegi ttiki aunitz zeuden Mexikon, batez ere iparraldean. Herri eta eskualdeko merkatuak hornitzeko aski ziren lantegi hauek, baina Modelok herrialde osorako produkzioa egin nahi zuen.
Elkartea osatzeko, 1922ko martxoaren 8an, Braulio Iriartek Mexikon zeuden Espainiako negozio gizon haundien laguntza bilatu zuen, batez ere kantabriarrak eta asturiarrak. Honela osatu zen lehen Administrazio Kontseilua.
Nafarroako akziodunak bigarren Administrazio Kontseiluan
Modeloren sorreratik zortzi hilabetera, 1922ko azaroan krisi larrian sartu zen enpresa, kapitala guttitu zen eta administrazio kontseiluan eta akziodunetan aldaketak izan ziren. Fundatzaileak izan ziren negozio gizon gehienek elkartea utzi zuten. Hauen ordez, okindegiak zituzten Nafarroako enpresari ttikiak hartu zituen sozio gisara Braulio Iriartek. Hauen artean zeuden Francisco Zilbeti Ilarregi (Aritzu, Anue, 1877) lehendakariordea, Martin Oianburu Artze (Lizaso, Ultzama, 1881), Andres Barberena Urrutia (Garralda, Aezkoa, 1880), Marcelino Zugarramurdi Etxenike (Arizkun, 1882), Fermin Buadés Neol (Elizondo, 1882), Pedro Majirena Saldias (Bera, 1877) eta Victoriano Loperena Ilarregi (Arizkun, 1883). Nafar hauek bigarren administrazio kontseilua osatu zuten. Eraberean, komisarioak izan ziren Segundo Minondo Rota (Nagore, Artzibar, 1888), Jose Olabe eta Pedro Etxenike Inda (Gartzain, 1893). Honela hasi zen nafarrek elkartea kontrolatu zuten garaia.
Akziodun berri hauetako batzuk, hala nola, Barberena, Zugarramurdi, Buadés, Oianburu, Etxenike eta Loperena, Levadura Comprimida Leviatán, S.A. enpresako akziodunak ere baziren. Mexikon ogiarendako legamia egin zuen lehen enpresa zen hau eta Braulio Iriarte berak eta laguntzaile batzuek sortu zuten 1913an. Miguel Burgaitzea Urrutia (Elizondo, 1871) Modeloko akzioduna eta Leviatán enpresako administratzailea zen aldi berean. Leviatáneko irabaziak Modelo Garagardotegia finantziatzeko eta kapitalizatzeko erabili ziren lehendabiziko urteetan. Braulio Iriarte hil zenean, 1932ko ekainaren 25ean, ordura arte lehendakari ordea zen Leongo Pablo Diezek hartu zuen lehendakaritza. Braulio Iriarteren konfidantzazko gizona zen Diez, baina guttina-guttina, bazkide nafarrek elkartea uzten joan ziren. Zugarramurdik 1929an utzi zuen kontseilari kargua eta Loperenak 1933an. Oianburu eta Buadés hil zirenean, nafarren nagusitasuna akautu zen enpresan. Pablo Diez lehendakaria izan zen 1971. urtera arte eta bere garaian, konpainia zabaltzeko politika egin zuen. 1971. urtetik gaurko egunera Antonino Fernandez Rodriguez, hau ere Leongoa, da enpresaren lehendakaria.
Munduko zortzigarren garagardo enpresa
Gaur egun, Modelo Mexikoko lehendabiziko garagardo enpresa da eta Munduko zortzigarrena. Corona garagardo marka (hemen Coronita bezala komertzializatzen da) mundu osoan gehien edaten den bosgarrena da. Zortzi lantegi ditu Mexikon eta Latinoamerikako haundiena izanen den bertze bat egiteko asmoa du. Modelo taldeak urteko 39,5 milioi Hektolitro (3.950.000.000 litro) garagardo produzitzen ditu.
Ikasketarik, ofiziorik eta dirurik gabe,
17 urterekin, Txokototik Mexikora gana
Braulio Iriarte Goienetxe, nekazarien semea, Elizondoko Txokoto auzoko Martindenea etxean sortu zen 1860. urtean. Inolako ikasketarik, ofiziorik eta dirurik gabe, gazte emigratu zuen, hamazazpi urterekin, Mexiko alderat. XIX. mendeko Nafarroako emigrazioarendako ez zen ohiko pausalekua Mexiko, baina Baztan aldetik aunitz gan ziren. Okindegi bateko langile gisara hasi zen eta XX. mende hasierarako okin sektoreko enpresari haundia zen, laurogei okindegiren jabea. Beranduxeago iringintzan hasi zen eta Mexiko Hiriko Euskaro errotaren jabea izan zen, Fermin Etxandi eta Juan Oteiza nafarrekin batera lehenik eta bera bakarrik, gero. Veracruzeko portuan Compañía Molinera Veracruzanak zuen Beti-Ona errotaren jabea ere bera zen, Agustin Jauregi Iriarte (Elizondo, 1890) eta Jose Larregi Iriarte (Elbete, 1899) bere ilobekin batera.
Braulio Iriarte garagardogintza negozio berriaren bultzatzaile nagusia izan zen. Berak eman zition elkarteari garagardo enpresa eta Anzures izeneko lur eremua. Lur eremu hau 1920. urtean erosi zuen Braulio Iriartek eta bertan eraiki zuen lantegia. Hirutan hogeita hamabortz urte beranduago, leku berberean mantentzen da Modelo enpresaren lantegi nagusia.
Braulio Iriarte Centro Vascoko lehendakaria izan zen eta baztandarrak Mexikorat gateko laguntza handia eman zuen.