Astearte honetan Bertizko Partzuergoaren egoitzan aurkeztu du Laxoa Elkarteak II. Paxaka txapelketa. Gan den urtean zortzi hirukotek eman zuten izena eta aurten hamabortz izanen dira. Horietako bat gipuzkoarra izanen da, Zubietakoa. Iruritak lau talde aurkeztuko ditu, Doneztebe eta Oitzek hiruna eta Arraioz eta Elizondok bina.
Txapelketa abenduaren 9an hasiko da eta partida guziak Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatuko dira larunbat arratsaldetan. Zubietarrek, ordea, igande goizetan jokatuko dituzte euren partidak. Hirukoteak bi multzotan banatuko dira eta lau lehenbizikoek jokatuko dituzte final laurdenak. Finala, heldu den urteko otsailaren 24an jokatuko da. Iaz, Etxeberria, Mariñelarena eta Arraztoa doneztebarrak suertatu ziren txapeldun.