Oronozko Argiñenea etxean 77 kiloko kalabaza ateri da. Hirutan hogeita hamar urte dituen Fulgencio Oteiza Maisterrenak zaintzen du baratzea eta sekulan ez omen du honelako kalauzarik ikusi: «bertze urteetan eta aurten egin dira kalabaza kozkorrak, 40-50 kilokoak, baina honelakorik inoiz ere ez». Gan den urtean Oronozko etxe berrietako obra inguruan atera zen kalabaza batetik hartu zuen hazia, erein eta aurten lau ondo eman dute. Honelako ale bat ateratzeko sekretuaz galdetzerakoan zera dio Fulgenciok: «Aurtengo uda ona gan zen, euria noiznahi egiten zuen eta beroa. Ardi gorotz pixko bat izan da ongarri bakarra».