”Elkartea auzo guzien biltoki izatea nahi dugu”

Asier GOGORTZA 2009ko irailaren 9a

"Elkartea bizilagunen artean moldatzea pentsatu genuen, bainan lokala dagoen egoeran egonik aurrekontua arras handia izan zen eta ezin genuen herritarrek ordaindu."

* Apaizaren etxea zena moldatu eta  herriarentzat elkarte bat egiteko asmoa dute Gartzainen.
* Momentuan Artzapezpikutza eta Baztango Udalaren arteko akordioa bide honetik doaie, eta Patxi Peñak erran digunez elkartearen moldaketa heldu den urteko aurrekontuetan sartzea espero dute.
* Bertze gauzen artean batzarreak, bazkariak, erakusketak eta ikastaroak egiteko erabiliko omen dute elkartea, «horrela herriari bizitasun gehiago emateko».

Noiz eta nola sortu zen Gartzainen elkarte berria egiteko asmoa?
Ideia hau ez da berria. Betitik izan da herrian elkarte baten beharra. Orain dela urte batzuk, herritarren ahaleginaren ondorioz, elkartea egin nahi den toki hau bera berritzeko aurrekontua eskatu zen. Eraikuntza hau apaizaren etxea da. Orain arte beheko solai­rua bestatan ostatua jartzeko erabili izan da, batzarreak egiteko, inauterietan eta San Martin egunean bazkariak egiteko, etab... Aita Jose erretoreak ekitaldi hauetarako erabiltzen utzi izan du.
Lokala dagoen egoeran egonik, ordea, aurrekontua arras handia izan zen, eta auzo bakoitzak jarri behar zuen kuota ordaindu-ezina izan zen.
Beraz, hasierako gestioak hutsean gelditu ziren. Hala ere, elkartea eskuratzeko modua izanen duzuela iduri du orain, ezta?
Bai. Orain Artzapez­pikutzak Baztango Udalari lokala denbora baterako ematen diola frogatzen duen dokumentua sinatzea falta da bakarrik. Hau nahiko aitzindurik dago gainera, bi aldeek akordio batera ailegatzeko borondatea erakutsi baitute. Bi aldeek sinatu ondotik, Balleko Udala ardu­ratuko da gehienez ere bi urteko denboran moldaketa lanak burutzeaz.
Hasierako proiektuan 18 milioi peze­ta agertzen dira obra egiteko. Nola lortuko da diru hori?
Hori da arazoaren alderdirik zailena, bainan espero dugu Udalak erreeparatzea modu honetako instalazioetan Gartzainen dugun gabezia, eta Nafarroako Gobernua­rekin egin behar diren tratu guziak egitea. Heldu den urteko aurre­kontuetan elkartearen eraikuntza sartzea nahi dugu.
Zertarako erabiliko litzateke elkarte berri hau?
Batez ere elkartea auzo guzien bilgune izatea nahi dugu. Bilkurak egiteko tokia behar dugu, kateke­sia emateko, erakusketak, bazkariak, solasaldiak, liburutegia, ikasta­roak, batzarreak, haurrendako jokoak… eta abar.
Haur, gazte eta helduak egunero elkartu ahal izanen dira toki horretan, eta gisa hortara, herriari bizitasun gehiago emanen zaio dudarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun