Hiru herrietan alkate gabe egoteak –tartean Elizondo, herririk haundiena–, Baztan Balleko udal ordenantzak berritzearen aldeko iritziak sortu zituen Eguberrietako Junta Generalean. Batzuen iritziz, «erabateko krisia» dago instituzioetan eta gehienek bat egiten dute, «sistemak huts egiten duela» erraterakoan. Florentino Goñi, Oronozko alkateak adierazi zuenez, Baztango udal aurrekontua aztertu eta onartzeko ahalmena izan zen Junta Generalari kendu zitzaion lehendabiziko gauza. Alkatetzan bederatzi urte beteko dituen honetan, «herriek erabakitzeko ahalmen gehiago eta aunitzez autonomia handiagoa» behar dutela azpimarratu zuen. Balleko Udalak eskaintzen dien tratuaz ere arrenkura azaldu zuten herriko alkateek. Anastasio Nagore, azken bi urteetan Elizondoko alkate izan denak erran zuenez, «batzuetan utzikeria ere somatzen da Herriko Etxearen aldetik».
Patxi Oiartzabal Baztango alkateak azaroak badaudela onartu zuen. Ordenantzak berritzearen alde azaldu zen, baina arazo ekonomikoak zailak direla gogoratu zuen. «Nafarroako Gobernuak biztanleen arabera banatzen ditu dirulaguntzak. Baztan Nafarroako herririk zabalena da, baina biztanle guti ditu eta arras sakabanatuak. Hori ez da kontuan hartzen».