Bi urteotan Gartzainen egiten edo egiten ez den, eskatzen edo eskatzen ez den, lortzen edo lortzen ez denaren arduradun izan naiz. Batzarre, auzolan, bilera, proiektu, abisu, telefono-dei, Elizondo eta Iruñera bidaiak, aurpegi txar aunitzen ondotik, herriari zerbitzu hau egitea merezi duela uste dut. Batez ere, politika eta herritarren arteko harremanak nola funtzionatzen duen lehen eskutik ikusteko. Eta konkretuki, Baztango gobernu modua ezagutzeko. Hemengo autogobernu modua ez baita leku auniztan izanen. Boterea hain banatua dago, herritarrak beti eskura duela norbait bere eskariak erabaki lekuetara ailegarazteko. Hona arte dena positiboa da, baina nik ez dut hau egiten loreak botatzeko. Bi urtez alkate izan ondotik, gobernu modu honek duen potentzialaren zati ttiki bat ere ez dela aprobetxatzen uste dut. Beno, ardurak baztertzeko eta aurpegia ez emateko balio du. Horretarako gaude alkateak, inolako ofiziorik eta irabazirik gabe jokoan sartzen garenak, denboraz kanpoko eta baliorik gabeko arau (Baztango Ordenantzak) batzuren pean.
Junta Generala lehen zenaren burla hutsa da. Hemen ez da deus erabakitzen eta ez dago horretarako kontzientziarik ere. Garai batean aurrekontuak eztabaidatu eta onartzen zituen, baina denbora gutian, junta honetako kideen iritziaz ez da inor arduratzen (…).
Alkate lana bete duten bi urteetan ez dut inolako deirik jaso Gartzaingo premiei buruz galdezka (barkatu, Hirurteko plan famaturako eskatu iritzia eskatu zidaten, baina nahi zutena eskatu zuten). Beraz, pentsatzeko modua hau dela uste dut: «ez bada eskatzen, ez da beharrik». Honela, herrien arteko ezberdintasunak sortzen dira. Gogoz kontra ari den alkateak ez du lan handirik eginen eta gogoekin dagoen alkateak gauza gehiago lortuko ditu.
• Bidezkoa da aberastasuna banatzeko modu hau?
• Aberastasun banaketa hau alkatea Udaletxera doan aldien edo herriaren egiazko premien araberakoa da?
• Herritarrek badute nolabaiteko konfidantzarik horrelako erakundeetan?
Erantzun zaileko galderak direnez, hau proposatzen dut: Alkatearen irudia indartzea, botere gehiago emanez. Adibidez, herri bakoitzari urtean diru gehiago ematea, aurrekontuak prestatzen partehartze handiagoa izan dezala eta astero egun eta ordu gehiagoz atentzioa eskaintzea.