Oronozko arrain haztegian izokin eme bat urtebete baino gehiago bizirik mantentzea eta arraultzeak errutea lortu dute. Izokina ezagutzen ez duenari gauza normala irudituko zaio, akaso, baina kontuan hartu behar da izokinek jateari uzten diotela itsasotik errekara pasatzen direnean. Beraz, Oronozko haztegiko teknikoek jaten erakutsi egin behar izan diote izokinari.
Teknika hau Irlandan egiten hasi ziren, duela urte batzuk eta lehenbizikoa aldia da Nafarroan egiten dela. Honela, izokin emeen ugalkortasuna gehiago aprobetxatzen da, errunaldi bat baino gehiago egiten baitute. Errunaldiaren ondotik errekara bueltatuko balitz, seguru aski itsasora bueltatu baino lehen hilen zen izokina.
Nafarroaren kasuan, itsasoan negu bat baino gehiago igaro duten izokinen ugalkortasuna segurtatu nahi da, Bidasoako izokinen %10-20a bertzerik ez baita adin horretakoa. Bertzeak negu bakarreko izokinak dira, ttikiagoak.
Izokinak naturan harrapatuko luketeen egoera berdintsuan kontzen dira haztegian, baina eritasunak ez hartzeko tratamendu eta zaintze berezia jasotzen dute. Baina lanik zailena, berriz jaten hastea da, itsasora bueltatu izanen balira bezala.
Hamalau hilabete Oronozen
Oronozko haztegian egon den izokina 1999ko azaroaren 25ean hartu zuten Berako nasa parean. Ez zuen seinalerik, baina negu bat baino gehiagoko izokina zela ikusi zuten, beraz, bera sortutako errekara itzuli baino lehen Terranova eta Groenlandian barna ibilia izanen zen. Urte hortako abenduan 6.400 arraultze errun zituen eta gero, ez zuten errekara bueltatu. 2000ko urtarrilean jaten erakusten hasi ziren eta hilabete beranduago jaten hasi zen. Bere zikloari segituz, gan den urteko irailean jateari utzi zion eta ilbeltzaren 4an, 8.714 arraultze errun zituen.