Mariano Izeta idazle eta euskaltzale elizondarra ilbeltzaren 8an hil zen

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 8a

Baztango erranairu eta solasak bilduak zituen bere liburuetan

Mariano Izeta idazle eta euskaltzalea ilbeltzaren 8an hil zen Elizondoko bere etxean, 85 urte zituela. Euskaltzale fina izateaz gain, Baztanen nahiz Nafarroan euskararen alde egindako ekimen auniztan hartu zuen parte: Baztango Ikastolaren sorreran, bertsolari txapelketako antolaketan edo balleko hiztegigintzan. Erlojularia ofizioz eta mutil dantzaria afizioz, mendizale, nobelagile eta Xorroxin eta Irulegi irratietako berriemaile ere izan zen. 1997an Elizondo eta Baztango Seme Kuttun izendatu zuten. Urtetan euskaltzain urgazlea izan ondotik, joan den abenduan ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzain­diak.

Artikulu, eleberri eta hiztegi egile
1957. urteaz geroztik bere idatziak argitara eman zituen «Zeruko Ar­­gia», «Herria», «Aran­­tzazu», «Príncipe de Viana» eta bertze aldizkaritan. Horretaz gain, hiru eleberri ere id­tzi zituen: «Dirua galgarri» 1962an, «Niga­rrez sortu nintzan» 1982an eta «Sorgiñak infernuko errekan» 1985ean. Artikulugintza eta eleberriez gain, hiztegigintza ere maite zuen. 1985ean «Baztan­go hiztegi tipia» karrikaratu zuen, 1993an «Baz­tan­go erranairuak», herriko 3.000 solas eta 350 erranairu bilduz eta 1996an bere azken lana, «Baztango hiztegia».
Familia euskaltzale eta abertzale batean hazi eta hezitakoa, 15 urterekin gerra aitzinean hasi zen bere aitarekin erlojuak konpontzen. 18rekin EAJn bazkidetu zen eta 1935ean Baz­ta­nen sortu zen lehendabiziko ikastola egiten ere parte hartu zuen.
1957-58 urteetan Eli­zon­doko alkate izan zen eta 1977ko hauteskundeetan Baztango Herri­ko Etxerako zinegotzi au­keratu zuten, EAJren zerrendetan. Al­de­rdiak Nafarroan izandako zatiketaren ondotik ez zuen politikagintzan segitu. Halere, aber­tzale­tzat zuen bere burua, «politika guzien gainetik, hemengo herria, ohiturak, hizkuntza, jendea eta bizimodua arras maite ditudalako».
Bera ere arras maitatua zen eta jendetza handia bildu zen bere hileta elizkizunean, ez ordea, Nafarroako Go­bernuko ordezkaririk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun