Elizondok eta Arizkunek badute alkatea, Arraiozek oraindik ez

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Ana Mari Marin eta Francisco Rekartek beteko dituzte karguak

Espero bezala, ez zen bertze inor aurkeztu kargua betetzeko prest eta ilbeltzaren 28an egindako batzarreak Ana Mari Marin izendatu zuen Elizondoko alkate. Marinek adierazi zuenez, «herri osoaren laguntza beharko dut eta lanerako prest dauden pertsonak izatea espero dut». Kanposan­duko lanetarako bi lagun ba omen ditu, San­tiago Aldako eta Agus­tin Olabe. Azken honeri, euskarazko itzulpenekin laguntzea ere eskatu zion.
Arizkunen egindako batzarretik ere alkate berria atera zen, Francisco Rekarte horretarako prest azaldu baitzen. Beraz, orain Arraioz da alkaterik gabe dagoen herri bakarra eta bertze batzarrea deitu beharko da hilabete baino lehen. Edozein gisara, zazpi gazte herria ordezkatuko lukeen batzorde bat osatzeko prest azaldu ziren. Baina proposamen hau baztertu egin zen, Baztango Junta Generaleko ordenantzetan ez baita ageri. Juan Carlos Mortalenak erran zuenez, «talde buru egiten duen pertsona bat egon behar dela erran digute, baina hemen ez du inork nahi, ardura sobera delakoz. Baina gu taldean lan egiteko prest gaude eta ekitaldi ofizial bakoitza baino astebete lehenago  zein izanen zen ordezkaria erabakiko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun