Elizondoko Santiago karrikaren egoera penagarria dela salatu dute bizilagunek

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Elizondoko bizilagun eta merkatari talde batek bere arrenkura azaldu du Balleko Etxean, Santiago karrikaren egoera dela eta. Idatzia sinatzen duten 61 bizilagunen ustez, «bi urte baino gehiago daramazkigu hirugarren munduko baldintzetan, zola xehetua eta mailatua dago. Egoera jasangaitza egin den arte ixilik egon gara, baina aski da». Egoera hori larriagoa bihurtzen da euria egiten duen egunetan, «karrikan pasiatzea egiazko balentria baita, putzu, zulo eta autoen zipriztinen artean». Egun horietan, ostatu eta denden aktibidadea murrizten da, «kontsumitzaileek segurtasun handiagoko lekuetara joaten direlakoz». Izan ere, espaloi batzuk ere egoera berdintsuan daude. Idatziaren egileen ustez, «turismoa indartzeko egiten diren saio guziak turistek Elizondoren erdian topatzen dutenarekin hondatzen dira». Honenbertzez, Santiago karrika lehenbailehen moldatzea eskatu diote Balleko Udalari eta bere ardura ez bada, dagokion lekuan eskaria Udalak berak egitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun