Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamenduak 2.249 milioi pezetan eman ditu Oronoz eta Mugairi arteko errepide berriaren lanak. Errepide berriak 2,7 kilometroko luzera izanen du, gaur egun Belateko lanak akituak dauden 15,100 kilometrotik hasi eta Oronoz inguruan dagoen 17,900 kilometrora bitarte. Errepide berriak trazatu ezberdina izanen du eta Iruñetik Doneztebe aldera gatozela, eskuinaldean geldituko da. Trazatu berriak hamabi aldiz gurutzatzen du Marin erreka. Eragin kaltegarriak saihesteko eta erreka ez ukitzeko, luzera haundiko zubiak eginen dira. Lanak egiteko hiru urteko epea izanen da eta abudo hasiko omen dira.
Kilometro terdi Mariezkurrenak, gainerakoa Azpiroz-Saralegik
Lanak ematerako orduan, Herrilan, Garraio eta Komunikabide Departamenduak bi zatitan banatu du proiektua. Lehendabizikoa, kilometro terdikoa, harrobi zaharra eta atseden gune inguruan hasten da eta Zozaiako lotura barne du. Lehiaketa bidez, Mariezkurrena eraikuntza enpresari eman zaio, 1.054 milioi pezetako aurrekontuarekin. Hau da, haserako preziotik %4,1eko jautsiera.
Bigarren zatiak 1,2 kilometro ditu. Mugairira jautsiko den bertze bide ttikiago bat eginen da. Errepide nagusian Mugairiko lotura ere eginen da. Bertan, N-121-A edo N-121-B errepideak (Doneztebe edo Baztan aldera) hartzeko bidegurutzea eginen da, errotonda itxurarekin. Lotura honen ondotik, dagoeneko eraikitzen ari den Mugairiko tunela dago. Bigarren zati hau Azpiroz eta Saralegi enpresak eginen du, 1.195 milioi pezetaren truke, hau da, haserako preziotik %4,4ko jautsierarekin.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!