Honako hitz hauek, “C. D. Baztaneko” lehendakaria den Esteban Ustarizi zuzenduak daude. Nahiz eta bizitzaren hastapenetik talde honetako kide izan garen, bat-batean era ulergaitz batean kanporatuak izan gara.
Beraz, hau guztia oinarri bezala hartuz, Ustariz jaunak “COPE” irratian helerazi zituen berbak ez zaizkigu zilegiak iruditu. Besteak beste, bertan, gu gure borondatez taldetik joan ginela nabarmendu baitzuen.
Honen aurrean bazkideei eta zaletuei gauzak argitzeko itxaropenarekin honako puntu hauek argi utzi nahi ditugu:
- Baztan Bidasoako areto futboleko txapelketan parte hartzea, Baztango futbol taldean ari ginen bitartean, izan da gu kanporatzearen zioa.
- Komunikabideetan adierazi zenuena ukatuz, gure erabakia ez zen taldea uztearena izan. Gu kanporatzearen gertaera, zuk inposaturiko erabaki ulergaitz baten ondorioz gertatu baitzen.
- Baztan Bidasoako lehiaketa honetan, talde bakoitzeko futbol mailan federatuak ziren hiru pertsonen parte hartzea onartzen zen. Beraz, gu legitimitate horren barnean aritu ginen.
- Aitzitik, 2000/01 ligaren hastapeneko bileran, entrenatzaileak ez zuen areto futbolean aritzearen debekua ezarri, beti ere lehentasuna Baztan futbol taldeari eskeintzen bagenion.
- Gure aburuz, ekintza fisikoak diren heinean, areto futbola eta futbola baliokideak dira eta areto futbolak lesioak ekar ditzakela adieraztea aitzaki antzua iruditzen zaigu. Bizitzaren jarduera bakar batek ere ez baitu lesioen ekiditea bermatzen (mendian ibiltzea, pelotan aritzea).
Guzti honekin , errango dugu gure eguneroko kirol jardueretan lehentasuna futbolak zuela (entrenamendu saioek, partiduek e.a.) eta beraz, hastapeneko konpromezuaren bermea segurtatua genuela.
Bukatzeko, gaur egun Baztan futbol taldean segitzen duten jokalariei gure animoa eta zorterik onena opa nahi diegu, dauden egoeratik atra daitezen.
Agur bero bat.
Iñigo Arregi, Josema Osakar, Agustin Mitxelena, Jabier Oiaregi, Jon Franzesena.