Ez da Zahar Etxerik eginen Oronozko San Martin eskolan

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 7a

Nafarroako Gobernuak ez du inguru honetan bertzerik eginen

Nafarroako Gober­nuak ez du Baztan-Bidasoaldean bertze zahar etxerik egiteko intentziorik, ez dagoelakoz bere planetan sartua. Hori da, bederen, Oronozko San Martin eskolan erresidentzia berria antolatzeko aurkeztutako egitasmoari Iruñetik emandako erantzuna.
Teknikari batzuk eskualde honetan adintuendako erresidentzia berri bat egiteko aukerak aztertuz ikerketa bat egin zuten. Batez ere, lehendik dagoen eraikinen bat moldatuz egitea zen asmoa eta, horretarako, Oronozko San Martin eskola aukeratu zen. Ikerketaren arabera, lekua egokia da. Alde batetik, Ber­tizko jaurerritik arras hurbil dago eta, gainera, saihesbidea egiten denean, ibilgailuen harat-honata aunitz murriztuko da. Bere egitura aldatu gabe, moldaketa egokia egiten ahal zaio San Martin eskolari eta 80 lagunendako lekua eskainiko luke. Bertan sortuko liratekeen lanpostuak ere aunitz izanen ziren.
Egin beharreko inbertsioa handia izanen litzateke, baina lanaren xedeak arrazoituko luke dirutza hori. Iker­ketaren arabera, Nafa­rroako Gobernuak parte hartu beharko luke egitasmoan, alde batetik erresidentzia ez dadin pribatua izan eta, bertzetik, egonaldia ez garestitzeko eta edozeinek erresidentziara joateko aukera izan dezan.

«Iruña eta herri handiak bakarrik hornitzen dituzte»
Nafarroako Gober­nuari proiektuaren berri eman ondotik, honek Baztan-Bidasoan ez dela bertze zahar etxerik egiteko asmorik azaldu du. Arrazoirik ez dute eman, bakar-bakarrik beraien planetan ez dagoela aurrikusia. Ramon Apezetxea, San Martin eskolako zuzendariak adierazi digunez, «herri ttikiok ez bagara mugitzen, zerbitzurik gabe gelditzen ahal gara. Izan ere, Na­farroako Gober­nuaren planetan Iruñea eta herri haundiak hornitzeko asmoak dituzte, herri ttikiak eta, batez ere, mendialdekoak alde batera utziz».
Dena den, Ramon Apezetxearen ustez ez dira aukera guztiak itxi: «Beharra bada, eta hori betetzea eskatzen baldin bada, denok parte hartuz, gauzak aldatzen ahal dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun