Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren aitzinean bere kezka eta ezadostasun osoa azaldu zuen Lekaroz-Elizondo BHIko Irakasle Klaustroak, otsailaren 14an egindako bileran. Irakasleen ustez, «euskara Nafarroako berezko hizkuntza da eta Dekretu honen bidez, oraindik ere gehiago murriztu nahi da euskararen erabilera, Hizkuntzen Europar Urtean geure hizkuntza egoera itogarrira eraman nahian». Dekretu honek ezartzen duenaren arabera, euskarak, begi-bistatik desagertzeaz gain, atzerriko edozein hizkuntzaren trataera izanen luke. Lekaroz-Elizondoko Institutuko irakasleek diotenez, «hau ezin larriagoa iruditzen zaigu, hizkuntza batek bizirauteko hiri-esparruetara heldu behar da-eta».