”Edozein ekitaldi egiteko ateak zabalik izanen ditu Antxitoneak”

Aitor AROTZENA 2009ko ira. 7a, 10:06

"Gu ezker paretean aritzen gara, baina, hemen berean, kilometro gutian, gehien bat trinketean aritzen dira. Hori ezagutzea polita da."

* Sortzez amaiurtarra da Francis Urrutia, Dolarekoa. Mexikon hemezortzi urte egin ondotik, Baztanera itzuli, Antxitonea zaharra erosi eta trinkete, jatetxe eta hotela zabaldu ditu.
*  Oraindik ez du akitu lan guzia: Udarako gimnasioa eta igerileku  klimatizatua ere zabaldu nahi ditu Antxitonean.
* Trinketean 400 lagun sartzen ahal dira, jatetxean 70 lagunendako lekua dute eta hotelean 25 gela dituzte.
* 1894an ireki zuten trinketea Isidro Iribarren eta Josefa Iturralde senar-emazteek, eta Hegoaldeko zaharrena dela erraten ahal da.

Nola gogoratu zitzaizun Antxitonea moldatu eta berriz zabaltzeko ideia?
Mexikotik urtero etortzen hasi nintzen oporretan. Han egoera aldatzen joan zen  1994. urte inguruan, animaleko inflazioa, debaluazioa eta segurtasun eza handia zegoen. Or­duan erabaki nuen ho­nat bueltatzea. Iru­ñean zerbait erostekotan egon nintzen, baina orai dela lau urte Antxi­tonea saltzen zela enteratu eta erosi egin nuen.
Kirol arloan zein erabilera eman nahi diozu trinketeari?
Gazteak ezker paretean aritzen dira, baina trinketea ezagutzea polita da, hemen berean, kilometro gutira, hori baita gehien jokatzen den pilota modua.Garai batean herri arteko txapelketak jokatzen ziren. Orai An­txitonea kluba sortu eta Iparraldekoen kontra partidu batzuk jokatu nahi nituzke. Aurten ez dakit, baina heldu den urtean segurik Elite 2001 zirkuitoan sartu nahiko nuke, bertze hamabi trinketerekin batera, tartean Baiona, Paris eta Bartzelo­na­koak.
Lehendik ere historia luzea du Antxito­neak, ez da?
Ehun urte baino ge­hiago ditu, pentsa! Pilota partida izigarriak jokatu dira: 1922ko abenduaren 2an Don­gaitz anaiak aritu ziren Leonis eta Artze­ren kontra. Baigo­rriko baserri bateko hamar behiak jokatu zituzten. Trinke­te­an seirehun lagun sartu ziren eta jendea kanpoan gelditu zen. Barne­ko­ek leihotik egiten omen zuten oihu: “badazi honenbertze”. Ge­ro, 1936an, Nafa­rroa­ko Bertsolari txapelketaren finala jokatu zen eta baztandar bat suertatu zen txapeldun, Iruritako Juan Felix Iriarte. Gero, mutildantza eskola ere trinketean izan zen, Mauricio Elizalderekin.
Honelako ekitaldiek ateak zabalik izanen dituzte orain ere Antxitonean?
Niri gustatuko litzaidake Nafarroako Bertsolari txapelketaren finala berriz ere Antxitonean egitea. Laxoa elkartekoei erran nien paxaka txapelketa berez trinketean jokatu beharko litzatekeela eta ez frontoian. Juanjo Atxari ere errana diot esku pilota txapelketaren bat jokatzeko. Pilotari profesionalak ere etortzen hasiak dira, pixko bat jokatzera: Otxandorena, Retegi… Ateak zabalik daude edozein gauza egiteko. Gero, gimnasioa eta igerileku klimatizatua ere izanen ditu. Honela­korik ez da inguru honetan eta jendea etorriko dela uste dugu. Uztailean irekitzeko asmoa dugu. Gero, urria igual izanen da, baina udarako irekia egotea espero dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun