Helduak euskalduntzeko helburuarekin, Nafarroako Udaletako 30 bat Euskara Zerbitzuk ekimen berritzailea paratu dute martxan: euskafea. Asteartean, irailak 2, ekin zioten kanpainari eta hala, euskafearen bitartez, Juan Valdes, asto eta guzti, bere emaztea eta semea irudikatzen dituzten hiru aktore Nafarroako euskaltegien gaineko informazioa ematen ari dira, eta hurbiltzen zaizkien herritarrei kafe poteak oparitzen. Ekimena Burlatan abiatu zen asteartean, eta gaur, ortzeguna, Agoitzen izan da. Gurera ere ailegatuko da, larunbatean, hain zuzen. Elizondon izanen baitira Juan Vales Kolonbiako kafearen ikurra eta bere familia. Xede nagusia herritarrak ustekabean harrapatzea da, euren atentzioa deitzea, eta bide batez, Nafarroako euskaltegien berri ematea.
Euskafe kafe marka sortu, eta kafe poteak banatzen ari dira herriz herri, eta horrela eginen dute larunbatean Elizondon. Euskara Zerbitzuen Sareak web orri bat ere prestatu du, Nafarroako euskaltegien datuak eta loturak biltzez gain, kale ekintzan filmatutako irudiak ere jaso eta hedatzeko. www.euskafe.com da helbidea. Horrez gain, 100.000 azukre sobretxo ere banatuko dira kanpainaren leloarekin Nafarroako elkarte eta hainbat ostatutan.
Burlatan, Agoitzen eta Elizondon bezala, Juan Valdes eta familia hilaren 8an Irurtzunen, eta 10ean Lizarran izanen dira.
“Hartu kafe bat euskararen normalizazioaren alde eta hurbildu zaitez euskaltegira! Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuen gonbitea horixe. Aipatzekoa da, tartean daudela Baztan eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuak.