Irailaren 29an Elizondon «Lotsagaben Iraultza, Nekazalpunk» eguna antolatu du izen bereko taldeak. Bezperan, 28an gaita poteoa izanen da. Igandean zenbait gune izanen dira herrian zehar banatuak. Produktu ekologikoen merkatua, hazi ekologikoen trukea, sendabelar eta ukenduak, haurtzaindegia, eztigintza, hezkuntza eredu alternatiboak, energia berriztagarriak, birziklapena eta drogen guneak izanen dira. Kale animazioan, txontxongiloak, malabareak, zirkoa, haurrendako jolasak, bertsolariak, gaitariak, graffitiak eta abar izanen dira. Masaje, sexualitatea eta ileapainketa tailerrak eginen dira.
Zenbait erakusketa antolatu dira presoen egoerari buruzkoak eta piriniotako autobidearena adibidez. Egunean zehar ez da musikarik faltako, Ufestuek taldea, Gartxot, Elektrotuna, txalaparta, djenbeak eta fanfarreak arituko baitira. Arratsaldeko 8 etan manifestazioa izanen da. Afari herrikoia ospatuko da ondotik eta eguna akitzeko gau pasa izanen da.
Nekazalpunk taldeak kapitalismo basa salatu nahi du egun hau antolatuz. Etorkizunik ba ote den galdetzen diote antolatzaileek bere buruari. Halere duten bizi gogo eta indarraren erakusgarri izanen da nekalzalpunk besta, sormen eta irudimenez betetako eguna, «amesten duten geroaren adinekoa».