• Jabier Larralde duela 74 urte sortu zen Arizkungo Enekonean. Egun Etxeberrian bizi da.
• Gazte-gaztetik txistua jotzen hasi zen Mauricio Elizalde eta Felix Iriarterekin batera. Baztango musika eta folklorea ikertzen ere aritu da, semearekin batera.
• San Migel bezperan Arkupeak elkartearen omenaldia jasoko du. Horretaz gain, «El Irunés» aldizkariak Urteko Bidasotarra izendatu du.
Noiz hasi zinen txistua jotzen?
1944an hasi nintzen txistua jotzen, 18 urterekin. Orduan Felix atabalaria nerekin hasi zen. Amaiurren kontrata bat egin genuen igandero jotzeko. Igandero bazen soinua eta dantza laxoa egiten zen denbora heketan. Urteko 70 duroko kontrata genuen. Zazpi urte egin genituen elkarrekin, baina ni Ameriketara gan nintzen eta bortz urte egin nituen artzain Californian. Baina han ere txistua nirekin atxeman nuen denbora pasatzeko… badakizu artzainak lan handiak baditu, baina baita denbora ere. Ameriketatik bueltatu eta Maurizio zenarekin aunitz jo dut, bestaz besta.
Lehendik bazen musikaririk zure etxean?
Nik ez dut ezagutu, baina ama zenaren aita txistularia zen, hemen zegoen hoberenxkoenetatik. Denbora hetan bera omen zen Baztangoizaldeko txistulari onena. Beheitiko herrietan Dorremotz izenekoa on xamarra zen. Biak aritzen ziren. Geroztik semeari ere erakutsi diot.
Dantza erakasle ere izan zara…
Maurizio adinean bazaien eta hasi nintzen erakusten, dantza talde bat plantatuta. Ezagutu ginuen bazirela Baztanen galdutako dantzak eta soinuak. Inbestigazioan hasi nintzen, aunitz jenderekin solas eginez, artxiboak begiratuz, Baionan ere miatu ginuen dena… egiten ahal genuen guzia egiten hasi ginen. Semea ere 16 urterekin hasi zitzaidan laguntzen eta bien artean gauza aunitz bildu ditugu: partiturak, duela dozena bat egin genuen disko bat ere. Diskoarekin batera albuma egin genuen, gan den mendeko dantzak esku batetik bertzera nola etorri ziren erakutsiz, argazki ederrekin eta aunitz esplikazionerekin. Geroztik bertze gauza aunitz bilduak dira eta badut uste hauek ere egunen batean argitaratuko direla.
Maurizio eta Felixekin aunitz jo duzu. Zein oroitzapen gorde duzu?
Hiruak ibili izan gara aunitz Gipuzkoa, Bizkaia eta Iparraldean. Aldika zenbait egunetarako joaten ginen Baiona, Senpere, Kanbo, Baigorrira… Xubero aldean ere noizbait joan gara, baina gutti. Holaxe denboraz ibili gara elgarrekin.
Txistua gero eta gehiago aditzen da kontzertu handietan ere. Lekua badu tresna honek orkestetan?
Kontzertuak ongi daude, ni gustora egoten naiz aditzen, baina herriko besteko dantzetan ere behar-beharrezkoa da txistua. Biak ongi dira.
Orain omenaldien txanda ailegatu zaizu. Kontent izanen zara…
Ez nuen honelakorik espero. Bada jendea gauzak estimatzen dituena, doike. Donostiatik ere gaztigatu zidaten aspaldiko ezagun batzuek zerbait egiteko idea zutela, Mauricio zenari eta bioi Senperen adituta. Nik aspaldi atzenduak nituen gauzak dira, baina haiek buruan atxiki dute. Lekuonak ere zerbait egitea pentsatu zuen eta Urteko Bidasotarra egin nau. Eta orain Arkupeak elkartea…