Elizondoko Santio besten barrenean, iragarri bezala, Xorroxin Irratiak behikaka.com zozketa egin zuen. Lore, Zagua eta Erdiz behiak lanean paratu zituzten hiru sari banatzeko helburuarekin. Euren lana ongi bete, eta lehenbiziko eta hirugarren sariak egun berean banatu ziren, saridunak bertan zirelako. Bigarren sariaren jabea, ordea, ez zen momentuan agertu eta abuztuaren 26ra bitarteko epean ere ez zuen seinalerik eman.
Hortaz, epea pasatuta, bigarren sari hori bazkideen artean zozketatzea erabaki du Xorroxin Irratiak. Ortziral honetan eginen da zozketa, 12:00etan irratiak Elizondon duen egoitzan. Epaile batek saridunen izenak aterako ditu eta zuzen-zuzenean Xorroxin Irratian aditzeko aukera izanen da.
Sari potoloa
Ez da ez nolanahiko saria bigarrena, lote berean lau sari banatuko baitira. Isabako Txapatera landetxean asteburuko egonaldia 6 lagunendako; Arabako Murua herrian, Gorbeia landetxean asteburuko egonaldia 2 lagunendako; Aizarozko ostatuan afaria 2 lagunendako eta Lurlan produktu lote bat.
Sariak banaka zozketatzea erabaki du Xorroxin Irratiak, eta beraz, lau lagun izanen dira sarituak. Urtez urte Xorroxin Irratiari laguntza eta babesa ematen dietenak saritu nahi ditu, eta beraz, zozketan parte hartuko dutenak Xorroxin Irratiko bazkideak izanen dira.