Foru Plazako lehiaketaren sariak hilabete honetan banatuko dira

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 1a

Foru Plazako lehiaketaren sariak hilabete honetan banatuko dira TTIPI TTAPA

Iruñeko arkitektu talde batek egindako ‘Lurra BZT’ proposamenak irabazi du

Udalak hilabete honetan banatuko ditu Elizondoko Foru Plaza berritzeko proiektu irabazleen sariak, eta aldi berean, osoko bilkuran ere hil honetan aurkeztuko da egitasmoa,  onespena emateko.
Ideien lehiaketara aurkeztutako 44 proiektuen artean, bereziki horretarako sortutako  epaimahaiak Lurra BZT izenekoa aukeratu du. Iruñeko Koldo Fdez. Gaztelu, Corina Blanco Rivas eta Enrique Jerez Abajorena da lana. Epaimahaiaren arabera, aukeratutakoek «trebezia handia erakutsi dute arkitektura eta herriko eremuak lantzean» eta «egin beharreko bi eraikinendako hizkera bera hauta­tzeak batasun haundia eman dio multzoari. Orobat, gure aburuz, egokia da eraikinen eta sor­tzen diren eremu libreen arteko eskala». Lehiaketa irabazita, 6.000 euroko saria hartuko dute Lurra BZTren egileek.
Bigarren saria, aldiz, proiektu guztiak jendaurrean paratu zirenean, herritarren botorik gehien bildu zituen Billantzikotik zortzikora proposamenarentzat izan da. 83 baztandarrek eman zuten proiektu honen aldeko botoa. Irurita-Leka­rozko Maite eta Idoia Danboriena Olaetxearena da. 3.000 euro hartuko dituzte.
1.500 euroko hirugarren saria, azkenik, Stortorget proiektuarentzat izan da. Errioxako Javier Garcia Neila eta Lizarrako Irantzu Saenz de Galdeano egina.


‘LEHIAKETA arrakastatsua’

44 proiektu aurkezteak aurreikuspenak «gainditu» dituela adierazi dute Udaletik, eta «parte-hartze arrakastatsua» izan dela.
Aipatu epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Virginia Aleman, alkatea; Agustin Olabe (NaBai) eta Mª Carmen Iribarren (UPN) zinegotziak, hiru arkitektu ahokulari gisa (Silvia Barbarin udal arkitektua, Efren Munarriz Euskal Herriko Arkitektuen Elkargoak izendatua eta Eduardo Vicente Nafarroako Gobernuko ORVE bulegokoa), Blas Otazu udaleko hirigintza arloko abokatua eta Mª Jesus Muñoz udal idazkaria.
Erabakia hartzerakoan, herritarren iritziak %20ko balioa izan du eta gainerakoa epaimahaiarena izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun