• Asier Larretxea duela 19 urte jaio zen Arraiozen. Gizarte lana ikasten du Iruñean eta larunbatetan Xorroxin Irratian aritzen da. Ttikitatik gustatu zaio idaztea eta orai «Zabortegiko Poemak» izeneko olerki erakusketarekin dabil harat-honat. Elizondo, Doneztebe eta Beran erakutsi du.
• Bere lanak Hatsaren Poesia Bilduman eta uda honetan Araban egindako «Bis a bis berbetan» gartzelei buruzko literatur bilduman argitaratu ditu, bertzeak bertze.
Herri kirolarekin lotutako familia batean hazia eta olerkaria zara. Bitxia ez da?
Izugarri gainera. Egia errateko, nik ere parte hartu nuen Euskal Herriko gazte mailako aizkora txapelketa batean, duela bizpahiru urte Donezteben. Aitak herri kirolarekiko afizioa sustatu nahi izan zidan, berak zekiena erakutsi, normala denez. Baina hor ikusi zen hori ez zela nere alderdi hoberena. Lehendik idazteko ohitura nuen, eta maisuek animatuta Nafarroako literatur lehiaketetara aurkezten nintzen 15-16 urtetatik aitzin. Sari batzuk ere lortu nituen. Literatura beti present izan da nire bizitzan, kirola ordea ez.
Noiztik izan duzu idazteko zaletasun hori?
Barnean nituen korapiloak askatzeko orduan idaztera jotzen nuen, hamabortz-hamasei urterako. Betidanik idatzi nahiko ilunak ziren.
Eta orain «Zabortegiko Poemak» erakusketa. Zergatik izen hori?
Jendeak poesia gutti irakurtzen duelako eta azken finean zabortegia akituko dutelakoz eta baita, birziklaia egin dugulakoz. Supermerkatuko kajen kartoiekin markoak egin ditugu. Era berean, Miguel Sanzen azken erabakien ondorioz, agian euskaraz egiten den kultur produkzio guzia zabortegira joanen da. Lehenbiziko erakusketa Ekaitzan egin nuen eta errezital bat ere egin nuen. Jendeak erran zidan poemek horrela indar gehiago hartzen zutela. Gero Arizkunenean ere gauza bera egin nuen. Doneztebeko Kaxernan eta Berako Iamotenean ere jarri ditut nere poemak. Orokorrean harrera ona izan du.
Poesia leku lasai batean irakurtzeko izan ohi da. Ostatu batean ikustea ez da gauza arrunta…
Egia da, bai. Agian Kultur Etxeetan lasaiagoa da, intimoagoa… Adibidez, Berako Iamotenea leku intimoa da eta gustatu zitzaidan. Haseran Kultur Etxean egitekoa zen, baina leku handia zen 30 poemarako, ez zen hain goxoa. Ostatua biziagoa da eta jende gehiago biltzen da. Poesia eskurago uzteko modu bat da.
Zenbait bildumatan argitaratu dituzu zure lanak. Noizko Asier Larretxearen liburua?
Burutan izaten dut amets hori, baina ez da nire helburuetako bat izan. Agian hori baino nahiago dut nire poemak errezitalen bidez edo erakusketen bidez jendearengana helaraztea. Liburua ez dago nere lehentasunen artean. Orai arte gauza xumeagoak egin ditut.
Poesiaz gain bertze literatur arloak lantzen dituzu?
Hasieran ipuinak ere idazten nituen. Poesia berantago hasi zen, ipuin horiek konprimituz eta lerro guttietan bilduz. Normalean ipuinak eta poemak idazten ditut, hortik aitzin ez naiz konplikazio handiegitan barneratzen. Zaila izanen da nire nobela bat irakurtzea. Kontua denborarena da. Denbora aunitz izan behar da, ideia bat, pertsonaiak garatu… Poemak momentuan ateratzen direnez, oraingoz kontu luzeegirik ez dut idazten.