Eguneroko bizimoduarekin loturiko hainbat objektu aurkitu dituzte Amaiurko gazteluan

TTIPI TTAPA 2009ko abuztuaren 13a

Horrekin batera, Bigarren Mundu Gerraren ondotik eraikitako bunkerrak topatu dituzte

Datu interesgarriak aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gazteluan. Laugarren urtez, aurten ere indusketa lanetan aritu da 17 laguneko aditu taldea, eta orain, ohi bezala, herriko besten atarian, momentuz lanak akitutzat emanen ditu. Bihar, beraz.

Erdi Aroko gazteluaren harresia aztertzen ibili ziren joan den urtean eta aurten, berriz, barnealdean aritu dira Aranzadikoak. Egunerokoan XIV eta XV. mendeen artean erabili ziren hainbat objektu topatu dituzte: animalia batzuen hezur arrastoak, ontzi eta bertzelako tresnen arrastoak, ezpatak…

Horiekin batera, Amaiurko herritarrek egindako aurkikuntzak ere badira: Bigarren Mundu Gerraren ondotik, 1945 eta 1950 urteen artean, Francok eraiki zituen bunkerrak. Gazteluan egindako azken obrak izan ziren, aitzinetik gazteluak zituen zelaiak eta harriak erabiliz egindakoak. Datu hauek guztiak atzo, asteazkena, eman zituen jakitera Aranzadi Zientziea Elkarteak, ordezkari politiko batzuekin egindako prentsaurrekoan. Virginia Aleman Baztango alkatea, Julian Rekalde Amaiurko alkatea eta Vicente Arotzena Udalbideko ordezkaria izan ziren agerraldian. Horrelako ekimenetan lagundu eta parte hartzeko borondatea berretsi zuen Alemanek eta Aranzadiko Juantxo Agirre-Mauleonek eskertu egin zuen Udalaren eta Amaiurko herritarren laguntza.

Hurrengo urteetan ere lanean segitzeko asmoa du Aranzadik. Orain arte egindako ikerketak zabaltzeko asmoz, bi argitalpen egin nahi dituzte Aranzadiko kideek. Horietako bat Durangoko Azokarako prest eduki nahi du, eta bertzea, zientifikoa egitea da asmoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun