Datu interesgarriak aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gazteluan. Laugarren urtez, aurten ere indusketa lanetan aritu da 17 laguneko aditu taldea, eta orain, ohi bezala, herriko besten atarian, lanak akitutzat emanen ditu oraingoz. Bihar, beraz.
Gazteluaren inguruko lanak osatu eta barnealdean ibili dira aurten Aranzadikoak eta egunerokoan XIV eta XV. mendeen artean erabili ziren hainbat objektu topatu dituzte: animalia batzuen hezur arrastoak, ontzi eta bertzelako tresnen arrastoak… Horiekin batera, Bigarren Mundu Gerraren ondotik, 1945 eta 1950 urteen artean eraiki zen bunkerra ere aurkitu dute. Datu hauek guztiak atzo, asteazkena, eman zituen jakitera Aranzadi Zientziea Elkarteak, ordezkari politiko batzuekin egindako bilkuran. Virginia Aleman Baztango alkatea, Julian Rekalde Amaiurko alkatea eta Vicente Arotzena Udalbideko ordezkaria izan ziren ekitaldian. Horrelako ekimenetan lagundu eta parte hartzeko borondatea berretsi zuen Alemanek eta Aranzadiko Juantxo Agirre-Mauleonek eskertu egin zuen Udalaren eta Amaiurko herritarren laguntza.
Hurrengo urteetan ere lanean segitzeko asmoa du Aranzadik. Orain arte egindako ikerketak zabaltzeko asmoz, bi argitalpen egin nahi dituzte Aranzadiko kideek.