Baztango hainbat herritan erakusketak izanen dira hilabetea bukatu bitartean. Margo erakusketak izanen dira batez ere, baina ez bakarrak. Elizondon, Amaiurren, Arizkunen eta Almandozen izanen dira. Erakusketaz gain, aipatu, Baztan-Bidasoako artisauen azoka eginen dela abuztuaren 22an Elizondoko Merkatu Plazan, goizez. Astebete beranduago, abuztuaren 29an, musika emanaldia izanen da Elizondoko plazan. Mr. Dixie Jazz Band-ek tronpeta, saxofoia, tronboia, tuba, baxua, gitarra eta perkusio doinuak eskainiko ditu.
Elizondon eskaintza zabala
Elizondok hartuko ditu erakusketa gehienak. Arizkunenea Kultur Etxean, erraterako, hiru izanen dira. Alde batetik, Jauregia bildumako “Bortz begirada” izeneko margo eta eskultura erakusketa abuztuaren 29ra bitarte zabalik egonen da. Horrez gain, Tomas Sobrinoren “Punto Cero” margo erakusketa abuztuaren 30era arte ikusgai izanen da. Eta azkenik, Sarasateren biolin erraldoiak ikusteko modua ere izanen da abuztuaren 17a baino lehen. Hiru erakusketa hauen ordutegia astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era izanen da, baina Sobrinoren kasuan, larunbat eta besta egunetan 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara irekita egonen da.
Elizondon bertan, Juan Carlos Olaetxearen lanak ere ikusgai egonen dira, Jaime Urrutia Karrikako 20. zenbakian. Hilaren 16ra arte zabalik egonen da, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 18:00etatik 21:00etara.
Clara Santamariak bere oleo eta akuarelak ere ikusgai paratuak ditu uztailaren 17az geroztik Santiago Karrikako Kattalintanean. Astelenetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara zabalik egonen da abuztuaren 31 arte.
Ana Maria Marinek, azkenik, Bergareneako lorategian ditu paisaia eta bisitatu dituen hainbat txokorekin egindako 50 bat obra. Astelehenetik igandera 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara ikusgai egonen dira irailaren 15era bitarte.
Argazki erakusketa Amaiurren
Virginia Gil Cousoren argazki erakusketa ekainaren 21etik Amaiurko errotan dago ikusgai eta hala egonen da irailaren 21era arte.
Begoña Durruty Arizkunen
Begoña Durrutyren oleo, tinta eta grabatuen erakusketa Arizkungo Herriko Ostatuan egonen da abuztuaren 23ra arte, asteartetik igandera 18:00etatik 21:00etara.
Itziar Mikelperizena Almandozen
Almandozko Jauregiak ere hartuko du erakusketa: Itziar Mikelperizena Berako margolariarena, hain zuzen. Abuztuaren 23ra bitarte, ortziraletik igandera, bere hainbat margolan ikusteko aukera izanen da. Ortziral eta larunbatetan 15:30etik 21:00etara eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.
Oieregin eta Urdazubin ere bai
Baztandik kanpo, Bertiz Natur Parkean eta Urdazubiko San Sanvaldor monasterioan ere izanen da zer ikusia. Natur Parkean Marta Loredo Olaizen margo erakusketa ikusgai izanen da abuztuaren 30a arte, asteartetik igandera 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era.
Urdazubin, berriz, urte osoan gaur egungo pinturari buruzko erakusketa dago monasterioko klaustroan. Ortzegunetik igandera 14:00etatik 18:00etara dago zabalik. Sarrera 2 euro gostatzen da.