Eguraldiak ez zuen aunitzik lagundu, baina halere, antolatzaileen balorazioa baikorra izan da. Joan den larunbatean, abuztuak 8, Bertan Baztango Merkatarien Elkarteak antolatuta, Bertan Eguna egin zen lehenbiziko aldiz Elizondon.
20 bat merkatarik euren postuak paratu zituzten Jaime Urrutia karrikan eta horrez gain, artisauen lanak ere ikusgai izan ziren Foru Plazan. Txalaparta doinuekin gozatzeko aukera ere izan zuten hurbildutakoek eguerdi aldera, baita haurren dantzak ikusi eta egun osoan tren txu-txuan herrian barna ibiltzeko modua ere.
Bertan Argazki Lehiaketa
Udaletxeko arkupeetan, berriz, Bertan Argazki Lehiaketako argazkiak paratu ziren ikusgai, 105 guztira. Guztien artean hiru izan dira aukeratuak. Hala, lehenbiziko saria Juan Karlos Olaetxea beratarrarentzat izan da (400 euroko balea); bigarrena Karlos Telletxea elizondarrarentzat (200 euroko balea) eta hirugarrena Karlos Jimenez usurbildarrarentzat (100 euroko balea).