Irurita-Elbete saihesbidearen egoeraz galdetu dio NABAIk Nafarroako Gobernuari

ttipi-ttapa 2009ko abu. 6a, 11:43
Martxoaren 2an hartu zen argazki hau, baina geroztik ez da batere mugitu Irurita-Elbete saihesbidearen afera. TTIPI TTAPA

Duela bortz hilabete lanak kontratatzeko baimena eman bazen ere, geroztik ez da deus egin

Martxoaren 2an Lekarozen egin zuen bileran, N-121B errepidean Irurita-Elizondo-Elbete saihesbidea urte terdian egina egonen zela adierazi zuen Nafarroako Gobernuak, Miguel Sanz presidentearen bitartez. Laura Alba Herrilan kontseilariari baimena eman zitzaion lanak kontratatzeko, 13.029.078,02 euroko aurrekontuarekin.

Berririk ez

Bortz hilabete pasatu dira geroztik eta saihesbide horren inguruan bertze berririk ez dagoelako, Nafarroako PNVko presidente eta NABAIko parlamentaria den Jose Angel Agirrebengoak galdera egin zion asteazkenean, abuztuaren 5ean, Nafarroako Gobernuari. Agirrebengoaren erranetan, “bortz hilabete bete dira Gobernuak, dagoeneko hiru urteko atzerapena pilatzen duen proiektuaren inguruko akordioa lau haizetara zabaldu zuela, baina obra kontratatzeko tramiterik ez du inork ere hasi eta hori ez da ulergarria”. Miguel Sanzen aurrikuspena, lanak urte terdiz akituko direla alegia, beteko ote den ere galdetu zuen Agirrebengoak.

Azalpenak baztandar eta erabiltzaileei

Lan hauek kontratatzeko deialdia noiz eginen duen galdetzeaz gain, Baztango bizilagunek eta N-121-B errepideko erabiltzaileek atzerapenari buruzko azalpenak behar dituztela uste du NABAIko parlamentariak. Izan ere, Errepideetako 2002-2009 Plan Zuzentzailearen arabera, saihesbidea 2006rako akitua egon beharko luke eta Errepideen Azelerazio Planaren arabera 2009ko lehen hiruhilerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun